Garibai kaleko eraikin batean etxebizitza turistikoak jartzea baimendu du udalak
Donostiako Udalak Garibai kaleko Plan Bereziari hasierako onarpena eman dio. Horrela, 23. zenbakiko eraikinaren erabilera aldatu dute etxebizitza turistikoak baimentzeko lehen solairutik seigarrenera. Beheko solairuak eta sotoak hirugarren sektoreko erabilera mantenduko du. Gaur egun, banketxe baten bulegoa dago beheko solairuan. Eneko Goia alkateak Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan baieztatu du erabakia, nahiz eta hedabideei helarazitako oharrean ageri ez den.
Orain arte, Garibai 23 eraikinak askotariko erabilerak uztartu ditu. Hirugarren sektoreko erabilera izan dute lehen eta bigarren solairuak, eta baita ere hirugarren solairuaren zati batek. Gainerako solairuek –laugarrena, bosgarrena eta seigarrena– bizitegi erabilera zuten gaur arte.
Eraikin babestua
Garibai 23 eraikina 1883koa da eta Jose Goikoa arkitektoak proiektatu zuen. Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian (EHOBPB) katalogatua dago D mailarekin, baina ez bere osotasunean. Izan ere, azken bi solairuak ondoren eraiki ziren, eta ez dira jatorrizkoak. Bi urte behar izan zituzten eraikitzeko, eta lau solairukoa zen hasieran. 1960ko hamarkadan gehitu zizkioten aipaturiko beste bi solairuak.