Udalak Anoetako haurtxokoa eta gaztelekua eraikitzeko kontratua adjudikatu du
Amara Berriko haurtxokoa eta gaztelekua Anoeta estadioko erdiko sotoan, Ernest Lluch kultur etxean, eraikiko dituzte. Donostiako Udalak lanak egiteko kontratua adjudikatu dio Jaizubia enpresari. Zortzi hilabeteko epea izango dute obra bukatzeko, eta 556.036 eurokoa da aurrekontua.
Proiektuaren arabera, haurtxokoa 5-11 urte bitarteko haurrentzako aisialdirako gunea izango da. Eremu irekia izan arren, hainbat gune izango ditu: jolasgunea (ping pong eta futbolina), jokoetarako etxetxoa, antzeztoki txikia, lurrean jolasteko gunea (puff-ak, koltxonetak…) eta tailerrentzako eta mahai jokoetarako gunea. Gainera, hormetan entxufeak jarriko dira telebistak, musika aparatuak, ordenagailuak eta abar erabiltzeko. Horrez gain, haurtxokoak bere komunak izango ditu, haurren beharretara egokituak (konketa baxuagoak, pixatoki baxuagoak…).
Bestalde, gaztelekua 12-17 urte bitarteko nerabeentzako aisialdirako gunea izango da. Eremu ireki honetan hiru zona bereizi dira: ordenagailuen eremua (lau postu finko eta ordenagailuak konektatzeko entxufeak, telebista, bideo kontsolak, puff-ak eta abar), jolasgunea (ping pong eta futbolina) eta tailer eremua harraska batekin. Gaztelekuak, gainera, biltegi txiki bat izango du barruan.