Zilarrezko domina eskuratu du Maialen Chourrautek
Donostiako Atletikoko piraguistak 106.63ko denbora egin du emakumezkoen eslalomeko piraguismoko K1 probako finalean.
Tokioko Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina eskuratu du Maialen Chourraut piraguistak. 106.63ko denbora egin du emakumezkoen eslalomeko piraguismoko K1 probako finalean.
Donostian jaio eta Lasarte-Orian hezitako kirolariak lehiatu aurretik adierazi zuen amets bat eta helburu bat zuela: “Ametsa da domina, berdin zait ze koloretakoa den. Helburua da Maialen azkar eta sendo bat uretan ikustea”. Bete du ametsa eta helburua. Rioko 2016ko Olinpiar Jokoetan urrezko domina eskuratu zuen gipuzkoarrak, eta Londresko 2012ko jokoetan brontzea. Gaurko zilarrarekin domina guztiak eskuratu ditu modalitatean.
Donostiako Atletikoko kideek dagoeneko zoriondu dute Chourraut, kolkoratu duen dominagatik. Izan ere, klub horretako kidea da.