Illunben txertatzea dagokien herritarren %49,87ak bi dosiak jaso ditu
30 urte baino gehiago dituzten herritarren %49,87ak jaso ditu COVID-19aren aurkako txertoaren bi dosiak Illunben. Ehuneko hori ez dagokie donostiarrei soilik. Izan ere, Illunbeko txertaketa gunean ez dituzte soilik donostiarrak txertatzen: Urola Kostako, Buruntzaldeko eta Oarsoaldeko herritarrak ere bai. Datu horiek uztailaren 12ko astekoak dira, 12 eta 29 urte arteko herritarrak kontuan hartu gabe. Guztira, data horretara arte 397.806 dosi administratu dituzte Illunben. Taldeko inmunizazioa herritarren %70ak txertoa jaso eta gero lortuko da.
16 eta 29 urte arteko gazteak txertatzen ari dira dagoeneko, eta 12 eta 15 urte arteko gaztetxo eta nerabeek txertoa hartzeko ordua hartu dezakete. Beraz, Donostiako, Buruntzaldeko, Urola Kostako eta Oarsoaldeko herritarren erdiak baino gehiagok bete dute une honetan COVID-19aren aurkako txertoaren pauta osoa.