Ondarretako hondartza kerik gabe gune izatea aztertzen ari da udala
Eusko Jaurlaritzak Kerik gabeko hondartzak kanpaina abiatu du aurten. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat herrik bat egin dute egitasmoarekin, eta zortzi hondartzatan ez erretzea gomendatu dute. Donostiako Udalak kanpainaren inguruko informazioa jaso du, eta datorren urteari begira aztertzen ari da hiriko hondartza batean proiektu pilotu bat egitea. Zehazki, Ondarretako hondartzan egingo dute saiakera.
«Osasunaren ikuspegitik, neurri egokia iruditzen zaigu. Era berean, zigarrokinek eragiten duten kutsadura gutxitzen lagunduko du. Momentuz, soilik gomendio bat da. Horrela, hondartzan daudenek libreki erabaki dezakete erre edo ez», adierazi dio hedabide honi Hiri Mantentze zinegotzi Miguel Angel Diezek.
Zigarrokinen kutsadura
Kontxa, Zurriola eta Ondarretako hondartzak goizero garbitzen dira, eta zigarrokin asko jasotzen dituzte. Ordea, udalak ez du kopuruaren inguruko datu zehatzik. «Gure hondartzetan lurperatzen diren tabako zigarrokin kopurua zenbatzea ezinezkoa da. Goizero garbiketa makinek hondartzak orrazten dituzte zortzi eta hamar zentimetroko sakoneran. Biltzen dituzten hondakin guztiak, bereizi gabe, errefusaren edukiontzira doaz. Garbitzaileek ere gauza bera egiten dute. Beraz, zigarrokin kopuru zehatza jakitea ez da posible. Bere garaian udalak kono formako hautsontziak banatu zituen, eta batzuek oraindik erabiltzen dituzte», azaldu dute udaleko iturriek.