"Orain arte egoera nahiko ona zen; orain, ordea, guztiz okertu da"
Iñaki Elorza Sadeko zuzendaria da, Donostiako zinemen enpresarena, alegia. Izurritearen murrizketak asko sufritu dituen eta sufritzen ari den sektorea da zinemarena, eta orain Labik neurriak gogortu ostean, egoera okertu egin da. Horri buruz gehiago jakiteko, Iñakirekin hitz egin dugu.
Zer iruditzen zaizu zinemen oraingo egoera?
Pasatu dugun guztiaren ondoren, pandemia hasi zenetik egoera onenean egon gara orain arte. Orain Labik hartu dituen neurriak, ordea, lur azpian utzi gaituzte. Izan ere, konfinamendu garaian ere ez genuen izan %35eko edukiera mugatu beharra; egoera oso txarra da. Edukiera %35ekoa izan beharrak asko zailtzen du zinemaren errentagarritasuna. Orain arte, %60ko edukierarekin, behintzat eguraldi txarra egin duenetan, areto guztiak betetzera iritsi gara. Gainera, ez dugu ulertzen nola Labi ez den inoiz gurekin harremanetan jarri. Zineman kutsatzeko baldintzak ez dira txarrak; izan ere, ez da hitz egiten eta norabide berean daude denak, eta orain arte ez da fokorik izan. Orain arte baikorrak ginen, baina neurri hauekin baikortasuna galdu dugu. Oso zaila izango da orain arte bezala mantentzea, eta aldi baterako erregulazioetara itzuli beharko dugu.
Jada jan eta edan daiteke aretoetan. Uste duzu horrek jendea animatzen duela zinemara joatera?
Bai. Egia da bi publiko mota daudela: batetik, jan ezin bada ez doana, eta bestea, jan ahal bada ez doana. Udakoa gehienbat lehen hauetakoa izaten da. Normalean familiak eta gazteak izaten dira, eta udan estreinatzen diren pelikulak hauentzat izan ohi dira. Hala ere, mantentzen ditugu helduentzako diren filmak, oso interesgarriak baitira. Konturatu gara jan ezin zen bitartean jende askok deitzen zigula galdetzeko ea jan ahal zen. Ezetz esan ostean, ez direla joango esaten zuten hauek. Publiko honek zinema krispetekin lotzen du, biak behar dituzte; ez dute filma gozatzen bestela. Beste taldea, kontrakoa da. Ez zaie gustatzen jendea jaten egotea: musukorik gabe, zarata egiten… deseroso sentitzen dira. Hala ere, momentu honetan jan daiteke eta onuragarria da hori orokorrean.
Beraz, bada jendea jatea ahal ezin izatea nahiago duena. Beldurragatik izan daiteke?
Talde horren barruan, bada beldurra duen jendea, bai. Ez dira seguru sentitzen. Baina badira beste batzuk, zinean jan ahal izatea gustatu ez zaienak betidanik. Molestatu egiten die, eta jende hau da gehien etorri dena jan ezin zenean. Egia esan, publikoa oso zabala eta askotarikoa da.
Segurua da zinemara joatea?
Bai, segurua da, hainbat arrazoirengatik gainera. Batetik, aretoak beti desinfektatzen dira, filmaren aurretik eta ondoren. Bestetik, etxekoak ez direnen artean segurtasun tartea egon behar da. Bestalde, aire girotua prestatuta dago airea 10 minutuero berritzeko. Zinema askok inbertsio handiak egin behar izan dituzte hau horrela jartzeko, baina guk aurretik geneukan horrela, zorte handia izan da hori. Berez, aktibitate pasiboa da: denak norabide berdinean begira, eta hasiera batean behintzat, ez da hitz egiten. Zinema segurua dela pentsatzera eramaten gaituzte faktore guztiek, eta jakitunek beti esan izan dute hori.
Sarrerak sarean erosteko sistemak berdina izaten jarraitzen du?
Martxan jartzea asko kostatu zitzaigun sistema berri bat jarri dugu. Edukiera neurria jarrita dugu, momentu honetan %35ekoa dena, eta sarrera erositakoan ezkerreko zein eskuineko jarlekuak blokeatu egiten dira; baita ere edukiera horretara iritsitakoan, jada ezin daiteke gehiago erosi. Horrela, distantzia mantentzea ziurtatzen dugu. Oso forma erraza eta segurua da.
Ikusle fidelak, denbora honetan zehar joaten jarraitu dute? Hori jakiterik ba al dago?
Bai, bazkide txartelen bitartez kontrolatzen dugu hori. Betidanik fidelak direnak, helduak gehienbat, oraindik erreparoa sentitzen dute zinemara joateko, eta komentatu ohi digute, egoera are gehiago hobetu arte ez direla seguru sentitzen zinemara joateko. Baina beldurra librea da, eta oso zaila da beldurra barruan duena konbentzitzea zinema segurua dela.
Taberna itxita eduki behar izateak, galera esanguratsuak ekarri ditu?
Bai. Azarotik ekainera izan dugu itxita, eta hilabete asko dira. Galera handiena Gabonetan nabaritu genuen, Gabonetako film komertzialak estreinatu zirenean. Zinemaren zutaberik garrantzitsuenak sarrerak eta taberna dira. Irabazien pilare bat kenduta, galerak oso esanguratsuak izan dira. Baina hau gehiago sufritu dute merkataritza zentroetako zinemek. Urbilen, adibidez, jatea debekatu zenean, hurrengo egunean itxi egin zen zinema. Hauentzat jan ahal izatea ezinbestekoa da.
Nola aurreikusten duzu uda? Mota guztietako filmak egongo dira, publiko guztientzat?
Fast and Furious 9 filmak (Justin Lin, 2021) harrera oso ona izan du; Viuda negra (Cate Shortland, 2021) eta A todo tren! Destino Asturias (Santiago Segura, 2021) ere estreinatu dira (Santiago Segurarenak beti izan ohi dute onarpen oso ona); Peter Rabbit 2 (Will Gluck, 2021) filmak ere arrakasta izan ohi du… Hobetuz joan ahal izatea espero dugu.
Egongo da filmik euskaraz?
Bai. Egia da izurrite egoera aproposa izan dela euskarazko filmak estreinatzeko. Azken urte honetan, Akelarre (Pablo Aguero, 2020), Ane (David Perez Saduño, 2021)… asko izan dira euskarazkoak. Zinema Euskaraz programakoak izan dira, eta horiek jarraituko dira estreinatzen; euskarazko film bat hilabetero urtea bukatu arte. Space Jam 2 (Malcom D. Lee, 2021) estreinatu da, eta euskaraz doblatuta ere bada hau.
Harrera ona izaten dute euskarazkoek?
Bai, oso ona. Filmaren arabera, gaztelerazkoek baino hobea askotan. Gero eta publiko gazteagoarentzat izan, orduan eta hobeto funtzionatzen du euskaraz. Haurrak euskaraz ohitzeko, ohituago daudelako entzutera… Helduentzakoetan, bestalde, harrera hobea izaten dute gaztelerazkoek. Zinema Euskaraz programaren bidez asko ari da suspertzen eta helduak zein haurrak euskarazko filmak ikustera fidelizatzea lortzen ari da.
Gainontzeko hirietako zinemen egoera ezagutzen duzu? Antzekoa izango da, ez?
Bai, antzekoa. Denok gaude sektore berdinean. Batzuk hobeto defendatu ahal izan gara izurritearen garairik gogorrenean. Izan ere, Donostian zinema kultura handia dago, eta horrek asko lagundu izan du. Beti ahalegindu izan gara mota askotako filmak ematen; askotarikoak izan ohi dira eskaintzen ditugunak, denetariko publikoa dugulako. Baina film komertzialak soilik ematen dituzten zinemak, merkataritza zinemetakoak esaterako, gaizkien pasa dutenak izan direla esango nuke.
Ikusi daiteke David Lynchen unibertsoaren maratoia eman duzuela. Esfortzua suposatu du? Zergatik izan da?
Bere garaian, Avalon banatzaileak Wong kar wai unibertsoa eman zuen. Guk 3 film eman genituen eta oso ondo funtzionatu zuen. Ondoren, banatzaile hori animatu zen Lynchen unibertsoa egitera, eta Espainia osoko zinema zortzi zinemek erabaki dugu hori ematea, bakoitzak nahi izan duen formatuan: batzuk astean behin bat, beste batzuk astean bi… Guk lau astetan botatzea erabaki genuen, eta Trueban eman ditugu. Lynchen jarraitzaileentzat, horren giroa sortu nahi izan dugu Trueban, kartelak jarriz, dekoratzen… beste film batzuekin ez nahasteko. Erabaki ona izan da, pozik gaude.