Bagera elkarteak euskararen erabilera behatuko du abuztuan
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, azken hogeita zazpi urteetan Aste Nagusiko hizkuntza tratamendua aztertu du, euskararen erabilera areagotzeko eta normalizatzeko helburuarekin. Bildutako datuekin, Aste Nagusian izandako euskararen erabileraren txostena osatzen dute.
Aurten ere gauza berdina egitea pentsatu dute, baina egoerara egokituta. Horretarako, herritarren laguntza behar dute. Abuztua Donostian egitasmoaren barruan hainbat kultur jarduera antolatu dituztenez, jendearen parte hartzea beharrezkoa da behaketa egin ahal izateko.
Bi pauso dira jarraitu beharrekoak. Lehenbizi, jardueren egitaraua ikusi eta nahi dena aukeratu behar da; eta ondoren, #abuztuadonostian eta #euskaraz traolak erabiliz, identifikatutako hizkuntza urraketak eta ondo egindakoak sare sozialetan elkarbanatuko dira. Edukiari zabalpena emateko, Bagera elkartearen Twitter kontua (@BAGERAelkartea) ere aipatzea eskatu dute.
Kontuan izateko ohar bezala, neurketa egiterako orduan aurkezpena izan duen eta dinamizatzaileak dauden kasuetan zein hizkuntza erabili den neurtuko dute. Horrez gain, lehiaketen kasuan, lehiaketan zehar antolatzaileek erabiltzen duten hizkuntzari eta sari banaketari emango diote garrantzia.