Uztailean bisitari gehiagok jo dute turismo bulegora
Informazio bulegora joandako turisten kopurua ere handitu egin da udan. (Argazkia: Agurtzane Altuna) Bulebarreko 8. zenbakian dagoen Donostiako turismo bulegoak uztaileko laugarren astean, iazko epe berean baino %85 bisitari gehiago jaso ditu. Bisitariak, mapa, eskuorri edota informazio bila joaten dira bertara. Beste hainbatek, garraio zerbitzuen inguruan galdetzen dute. Bulegoak edukiera mugatua du –hiru pertsona baino ezin dira egon erakusmahaian– eta ondorioz, azken asteetan ilarak sortu dira kanpoaldean.
Bisitarien bilakaera progresiboa nabaritu da ekainetik. Hileko azken bi asteetan 539 eta 904 bisitari izan ziren; uztailean, berriz, 1.013 bisitari izan ziren lehen astean. Uztaileko azken astean ordea, 1733 izan dira.
Turismo bulegoan eskatzen diren liburuxka kopuruaren bitartez, uztailaren 27an 5.410 pertsona zenbatu dira guztira, iazko uztail osoan baino %6 gehiago. Nolanahi ere, zenbakiak pandemia aurreko kopuruaren erdia dira oraindik, baina susperraldia nabari da. Izan ere, 2020ko uztaileko jaitsiera, 2019koarekin alderatuta %74koa izan zen.
Bisitarien jatorriari dagokionez, erdia baino gehiago Espainiar Estatuko hainbat tokitatik etorritakoak dira, %54,7 izan baitira. Atzerritarrak ordea, %35,2 izan dira. Donostiar eta gipuzkoarrak ere gerturatu dira bertara, %6,5. Euskadiko gainerako herritarrak, %3,4. Frantziarrak izan dira ugarienak hiriburuan, hilabete honetan bisitarien %18a baitira. Ondoren, madrildarrak (%12,4) eta kataluniarrak (%11) daude.

