Musika Hamabostaldiari ekiteko, doako sei kontzertu igandean
Igandean hasiko da Musika Hamabostaldia, eta inaugurazio eguna denez, sei kontzertu eskainiko dituzte Donostiako hainbat txokotan. Udaletxeko batzar aretoan emango diote hasiera hamabostaldiari Iagoba Fanlo biolontxelo jotzaileak eta Maria Jose Barandiaran piano jotzaileak, 12:00. Ordu berean, Kup taldeak Kursaalen kontzertua emango du.
Arratsaldean izango dira gainerako kontzertuak. Suhar abesbatzak kontzertua eskainiko du Amarako karmeliten elizan, 17:30ean; ordu erdi lehenago, Jose Ignazio Ansorena txistuarekin eta Joserra Senpera pianoan arituko dira, udaletxeko batzar aretoan. 19:30ean Euskal Herriko Gazte Abesbatzak abestuko du San Bizente elizan, eta 20:00etan, Joxan Goikoetxea eta Euskaramata izango dira Miramar jauregian.
Igandean abiatuko dira, gainera, Organo Zikloa eta Kursaaleko kontzertu handiak. Kursaalean Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoa izango da.
Ikuskizun guztiak doakoak dira, eta gonbidapenak Musika Hamabostaldiko bulegoetan (Zurriola hiribidea, 1) eskuratu ahal izango dira.