Adin guztientzako kultur jarduerak antolatu dituzte
Amarako jaien ordez, bi eguneko egitaraua prestatu dute gaurko eta biharko. Esaterako, gaur Gazte Eguna egingo dute goizetik hasita.
Easo plazan elkartuko dira gaur eta bihar jaien ordezko kultur jarduerez gozatzeko. Aurten, Amarako jai batzordeak eta gazte asanbladak bi eguneko egitaraua prestatu dute.
Auzotarrei hainbat jarduera eskaintzeko “moldatu” dira, baina antolaketa “zaila” izan dela azpimarratu du jai batzordeko kide Ane Ubiriak: “Antolaketa ez da erraza izan muga asko ditugulako: edukiera mugatua, ordubeteko derrigorrezko etena jarduera batetik bestera, eta diru sarrera eta diru laguntza eskasak. Hori gutxi balitz, plazan ezin dugu txosnarik jarri”. Horrekin batera, azken bi urteetan herri mugimenduari traba asko jarri dizkiotela adierazi du Ubiriak. “Beste inori baino zailago jarri digute jarduerak antolatzea”.
Askotariko egitaraua
Gaur, Amarako Gazte Eguna izango da, eta auzoko gazte asanblada arduratu da egitaraua antolatzeaz. 11:00etan giza futbolina egingo dute, eta 13:30ean dantza tailerra eskainiko dute. 18:00etan bertso saioa izango da, eta eguna biribiltzeko, ElekTroKela elektrotxarangak kontzertua emango du 21:00etan.
Biharko egitaraua, berriz, jai batzordeak antolatu du bere osotasunean. 12:00etan haurrentzako ikuskizuna izango da Easo plazan: Ipuinekin jolasean. 14:30ean, bazkaria egingo dute –bakoitzak etxetik ekarritako janariarekin–, eta ondoren, 17:00etan, toka txapelketa. Aldiz, 18:00etan pala finala egingo dute Amara kaleko pilotalekuan. Ordubete beranduago, 19:00etan, Nerea Arriolak bakarrizketa saioa egingo du Easo plazan. Bukatzeko, 21:00etan kontzertua eskainiko du Distopia taldeak.
Jarduera guztietan parte hartzeko La Bodeguilla tabernan eskuratu behar dira sarrerak.