«Gurasoek ostalaritza sartu zidaten zainetan, eta anaiak, gasolina»
Oraindik nerabe zenean, gurasoen Aiete tabernan hasi zen laguntzen. Geroztik, beti ibili da ostalaritzan lanean. Gurasoen babesari esker, Mikel anaiarekin batera, Pagadi taberna ireki zuen Grosen, Artetxe Jeneralaren kalean. 25 urteko ibilia egin du jada.
1996an ireki zenuen Pagadi tabernara. Nolatan?
Gurasoek taberna bat zuten Aieten, eta hura gure lehen etxea izan zen: Isturin Txiki etxea. Taberna eta etxebizitza izan zen aldi berean: Aiete taberna izena zuen. Ni gurasoekin hasi nintzen lanean. Ikasketetan oso justu ibiltzen nintzen, eta gustatzen zitzaidan ostalaritza. Beti amarekin egoten nintzen barran, sukaldean… Beti saltsan nenbilen.
Nolako giroa zegoen gurasoen Aiete tabernan? Gogoan duzu?
Langileen taberna bat zen. Menuak ematen genituen; eta aurrean bazegoen ikasleen egoitza bat, ogitartekoak-eta egiten genituen. Urte haietan lan handia egiten zen, ez orain bezala, egia esateko [barrez]. Auzo giroko taberna zen. Pentsa, garai hartan Aieten lau baserri zeuden. Asko aldatu da auzoa. Gurasoak ia 50 urtez aritu ziren lanean tabernan. Orain anaiak berrirekiko du taberna, toki berean. Abuzturako espero du irekitzea.
Eta zu noiz hasi zinen gurasoen tabernan lanean?
Anaiak badu nire argazki zahar bat gordeta: barran agertzen naiz lanean. Jakintza ikastolara nijoan garaikoa da, 12 edo 13 urte inguru nituenekoa. Gurasoen tabernan oso gustura ibili nintzen, eta ondoren beste taberna batzuetan ibili nintzen.
Non?
Gurasoen tabernatik, Iturrioz tabernara joan nintzen, Artzain Onaren ondoko tabernara. Bi uda eman nituen han lanean. Ondoren, soldaduskara joan nintzen, eta bueltan Aloña Mendin hasi nintzen, Hondarribia kalean.
Patata tortila gozoa egiten zuten han!
Bai, handik ekarri nuen tortila Pagadi tabernara. Baimena eskatu nien Antxoni eta Josuneri, galdetu nien ea axola zitzaien hemen Pagadi tabernan egitea, eta lasai egoteko esan zidaten. Sei urtez egon nintzen han. Sei hilabetero kontratua berritzen ziguten, eta, hain justu, kontratu finkoa eskaini zidatenean, esan nien banijoala [barrez]. Gurasoekin batera taberna baten bila hasi ginen Mikel anaia eta biok. Antonio taberna begiratu genuen, Amaran beste pare bat, eta azkenean, hau hartu genuen, Pagadi taberna. Aurretik ere taberna bat izan zen, Mendi Berri izena zuen.
Gogorra izan zen zure taberna propioa martxan jartzea?
Niretzat ez zen aldaketa handia izan. Aloña Mendin ordu pila bat sartzen nituen, gustura egiten nuen, egia esateko. Gurasoekin hitz egin nuen, eta pentsatu nuen nire taberna propioa ireki nahi nuela. Hasieran gogorra izan zen hona etortzea, gu ez ginelako Grosekoak. Batzuk ezagunak genituen, baina beste batzuek ez gintuzten onartu. Kosta egin zitzaien. Ikusi zuten arte jende jatorra eta langilea ginela, taberna ez genuela erosi ondo bizitzeko, lan egiteko baizik… Batzuek uste zuten Aieteko dirudun batzuk ginela. Gogorra izan zen horregatik. Eta apustuak egin zituzten. Uste zuten ez ginela irailera iritsiko (maiatzean ireki genuen, 1996an). Orain, poza ematen digu ikusteak horietako asko gure bezeroak direla. Egia da, gu Aietetik etorri ginen; Aiete auzo pijoa zen, baina gu Aieteko etxe txikietatik gentozen, langile familia batetik.
Azkenean bezeroen konfiantza lortu zenuten.
Lehen egunean soilik pertsona bat etorri zen jantokira. Lehen bezeroa Andoni Aretxaga Usabiaga izan zen, laneko buzoa jantzita etorri zen. Tailer mekaniko bat zuen San Bartolomen. Arratsaldean bere anaiarekin itzuli zen, eta kaña batzuk hartu zituzten. Geroztik, egunero etortzen hasi zen, eta ahoz-ahokoaren bidez, bezero gehiago lortzen hasi ginen.
Anaiarekin hasi zenuen bidea, eta orain zure emazte Beatriz Sistiagarekin batera daramazu tabernaren ardura.
Anaia sei urtez egon zen hemen. Berak esan zidan martxan jartzen lagunduko zidala. Izan ere, gurasoak leporaino hipotekatu ziren guri bultzada bat emateko. Hasieran ez genekien norbait kontratatzeko aukera izango genuen, horregatik lagundu zidan. Anaia, Petri Sanchez sukaldaria eta hirurok hasi ginen. Eta gaur egun zortzi langile gara. Buelta handia eman diogu tabernari.
Kale berezi batera etorri zineten, Artetxe jeneralaren kalera.
Kale hau beldurgarri samarra zen hasieran. Oraindik ez zegoen Nafarroa Beherea plaza eginda, parking bat zegoen erdian. Gure kalea ez zegoen oinezkoentzat egokituta, eta autoentzako aparkalekuak zeuden. Gros oso zikina zegoen, ez zen gaur egungo Gros. Hasieran anaiak esaten zidan: seguru zaude hau ireki behar dugula?
Inguruan dituzuen bizilagunak asko aldatu dira?
Lehen, hemen ondoan Jauregi taberna zegoen. Familia batek zeraman. Txerrien belarriak, tripakiak eta muturrak jateko leku berezia zen. Ricardo tabernako Iñigok guk baino urtebete gehiago darama. Galia zegoen bere osabarekin Roberton. La Taskan Toni eta Loli zeuden, bikote ezkondu bat. Eta Bergara taberna jada irekita zegoen. Taberna giroa bazegoen orduan. Eta gure arteko giro onak lagundu zigun aurrera egiten. Autoentzako tailerra ere hor zegoen iritsi ginenean. Donostiako taxi guztiak hemen konpontzen zituzten. Jabez aldatu dute bi aldiz. Gero, auzoa konpontzen hasi ziren, eta asko aldatu zen.
Ni orain Loiolan bizi naiz, baina Grosekoa naizela esango nuke. Hotelik ez zegoen hasieran, eta eraikitzen hasi ahala, nabaritu genuen pila bat. Betiko bezeroen eta turisten nahasketa ondo daramagu. Familiak etortzen dira gehienbat. Halere, urte osoan zehar hemengo bezeroekin egiten dut lan, beraiek dira betiko bezeroak. Auzoko jendea zaindu behar da.
Ordu asko eskaini dizkiozu tabernari. Zer eman dizu zuri?
Lehen urteetan, goizeko bederatzietan sartu eta gauez ateratzen ginen, goizeko ordubatetan. Ordu asko ziren, baina sartu behar ziren! Odolean daramat ostalaritza. Gustura egiten dut lan tabernan. Jendearekin harremana izatea gustatzen zait. Barran norbait galdu samar ikusten badut, kartari begira, zalantzati, gustatzen zait laguntzea. Jende askok esaten dit gomendio onak ematen ditudala. Aurrekoan bikote katalan batek propina utzi zidan, eta galdetu nien, aizue, baina zer da hau? Eta gomendio onak ordaindu egin behar zirela esan zidaten. Poza eman zidan ez propinagatik, gustura joan zirelako baizik.
Askotan esaten da giro berezia dagoela kale honetan. Hala da?
Niri asko gustatzen zait inguru honetara etortzen den jendea. Ricardoko bezeroak hona etortzen dira, hemengoak Ricardora doaz, Taskakoak hona datoz, eta hemengoak hara… Ostalariok gure artean dugun harreman ona ere islatzen da bezeroen artean. Bat eginda gaude. Denbora daramagu elkarrekin, eta hori asko gustatzen zait. Beste tabernatakoak ez balira nigana etorriko, pentsatuko beharko nuke zerbait gaizki egiten ari naizela. Denok daukagu txoko bat, gure bigarren etxea, eta azkenean hori bilatzen duzu hemen. Albokoa itxita badago, zurera joango dira, eta alderantziz.
Momentu onenak errepasatu dituzu?
Behin, Sergio Dalma etorri zen. Anaia eta biok ez ginen konturatu, bezeroek esan ziguten. Muskuilu flan bat jan zuen, eta alkandora guztia zikindu zuen, dena tomatez beteta. Anaiak eta biok flipatu egin genuen. ‘Zer gustura noan tomate honekin guztiarekin. Zer goxoa zegoen pintxoa’, esan zigun. Tontakeria bat da, baina ilusioa egin zigun. Juan Mari Arzak etortzen zen asko hasieran. Horrelako pertsona bat hemen gustura dagoela ikustea, ba, poza ematen du. Anaiarekin ere sekulako momentuak bizi izan ditut, noski.
Tabernan motoekin lotura duten hainbat argazki dituzu jantokiko paretan. Zalea zara?
Bai, anaiarengatik. Gurasoek ostalaritza sartu zidaten zainetan, eta anaiak, gasolina. Man uhartean egon ginen, munduko probarik politenean Tatuaje bat ere egin nuen.
Nola aukeratu zenuten tabernaren izena?
Nire ama eta bere familia Urdanetan jaio ziren, Aiako auzo batean. Pagadi Zar izena zuen haien baserriak. Txikitatik igandero joaten ginen hara. Eta guretzat, beraz, izenak lotura handia dauka gure familiarekin. Denak dauka lotura eta sentimendua. Ikusten nauzu! [hunkituta]. 25 urte izan dira. Lasterketa luzea izan da, eta oraindik asko geratzen da!
25. urtemuga ospatzeko aukera duzuenean, nola ospatu nahi duzue?
Lehen, uda sasoian zuzeneko musika emanaldiak egiten genituen kalean. Duela bi urte hasi nintzen pentsatzen nola ospatu, gauza polit bat egin, denok batera nola ospatu. Orain ezin da ezer ospatu, noski. Horrelako zerbait egin nahi nuen. Berdin zait noiz, baina ospatuko dugu.
Nola eragin dizue koronabirusak?
Diru pila bat galdu dugu. Gure poltsikotik jarri behar izan dugu dirua; guk eta mundu guztiak. Oso gogorra izan da psikologikoki baita ere. Izan ere, lotsagarria izan da nola tratatu gaituzten udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Orain itxi, orain ireki… Eta beraiek zer erabaki zain egon, langileekin zer egin erabakitzeko. Nire lantaldeko lankideek urte pila bat daramate nirekin lanean, niretzat familia bat da. Oso zaila izan da.
Amets bat?
Nire ametsa da horrela jarraitzea. Gauzak ondo egiten jarraitzea. Langileak pozik egotea, eta jarraitzea ahalik eta urte gehien hemen. Proiektu berria nire anaiarena izango da, Aiete tabernarena. Berak Pagadi tabernarekin eman zidan bultzadatxoa, eta orain, nik lagunduko diot. Gogotsu nago, eta ilusioa daukagu.
Denboran atzera egiten duzunean…
Tabernan lan egiteagatik semearekin egon ez naizen denbora horretaz jabetzen naiz. Etxera iristen nintzenerako lotan zegoen. Amarekin etortzen zen bisitan tabernara. Azken urteetan lantaldea handitu ahal izan dut, lan gutxiago egiteko aukera izan dut, eta semearekin harreman estuagoa dut orain. Hauek dira atzera begiratu eta faltan botatzen dituzun gauzak.
Bide batez, gurasoei eskerrak eman nahi dizkiet gure aldeko apustua egin zutelako. Beraiek bere bizitza eginda zuten, ez zen erraza izango haientzat. Nire aitak Cafes Gaun egiten zuen lan, eta amak tabernan. Ez zuten oporrik hartzen, beti lan eta lan. Lan egin, bi seme hazi… Eta aurreztu zutenean, gure alde egin zuten. “Gustua ematen du tabernara joatea”, esaten dit aitak. Orain ikusten dugu zein harro dauden gutaz, ikusten dute langileak garela.
Zuretzat nolakoa izan behar du ostalaritzak?
Lehendabizi, ‘egun on!’, ‘arratsalde on!’ eta ‘gabon!’ esan behar da. Hori lehenengo gauza. Eta bezeroekin hitz egin behar da, galdetu. Politikaz badaezpada hobe da ez hitz egitea, baina haien zaletasunak ezagutzen badituzu, kirolaz galdetu diezaiekezu, adibidez. Bezeroarekin solasaldi txiki bat pizteko zerbait behar duzu.