Fiskaltzak ikerketa abiarazi du Santa Klarako lanetan LABek salatutako irregulartasunen auzian
Donostiako Udaleko langileen LABeko sail sindikalak salatu zuen LKS eta Fhecor enpresek lizitaziorik gabe eskuratu zutela Santa Klara uhartean Hondalea eraikitzeko eta itsasargia berritzeko lanen adjudikazioa. Argia astekariak aurreratu duenez, LABen salaketari garrantzia eman eta ikerketarako diligentziak irekitzea erabaki du Juan Calparsoro fiskalak.
LABek bi delitu posible zehatz identifikatu zituen –funtzioen abusua eta diru publikoaren erabilera okerra–, eta Gipuzkoako Fiskaltzaren eskuetan utzi zituen uharteko lanak gertutik jarraitu dituzten langileek helarazitako informazioak eta salaketak. Orain, Fiskaltzak ikerketa zabaldu du.
LABen ustez, Proiektu Bateratuaren idazketa eta birgaitze lanak zuzentzeko ardura LKS-Fhecorri lizitaziorik gabe eman izanana irregularra da. “Proiektua onartzeko bideratu zen txostena onartu zuen Udalak, baina bertan ez zen inolako zuzendaritzarako edota idazketarako adjudikaziorik finkatzen. Proiektu eta Obretako arduraduna izan zen egoera horretan lan hori LKS-Fhecorri tramitatu ziona”, diote.
Eneko Goia alkateak honakoa esan zuen gaiaren inguruan: “Kontratazioaren inguruko zalantzak omen dituzte. Esan dezakedana da adjudikazioak legez eta zuzen egin direla. Fiskaltzak Hondalea-ko lanen kontratazioen espedienteak eskatzen baditu, udalak helaraziko ditu”, nabarmendu zuen Goiak ekainean.