Illunbe: bizitzaren plaza
COVID-19aren aurkako txertaketa martxan jarri zenetik, Illunbeko zezen plaza da Donostiako eta inguruko udalerrietako herritarrek txertoa hartzeko gunea: txertodromoa. Dagoeneko 397.806 dosi jarri dituzte Illunbeko erizainek. Dozenaka langilek osatzen dute Illunbe, eta antolaketa efizientearekin eta logistika konplexuarekin, osasuna ziztatzen dute egunero.
Illunben, gainerako zezen plazetan bezala, animaliak hiltzearekin festa egin izan dute. Orain, ordea, ziztadak ez dizkiete toreatzaileek animaliei egiten, torturatzeko. Ziztadak beste era batekoak dira. Heriotzaren gorazarrea egiteko pentsatutako plazan bizitza goresten da egun: ziztadak erizainek egiten dizkiete herritarrei, txertoa ematerakoan. Bizitza eta osasuna ematen duten ziztadak dira: COVID-19aren pandemia atzean uztea eragingo duten ziztadak dira, alegia. Illunbe osasun publikoaren eta bizitzaren plaza da orain.
Izan ere, txertodromoa dago Illunben 2021. urtearen hasieratik. 2020ko martxotik COVID-19ak jota dago mundua, eta gaixotasuna eta heriotza geure egunerokoan txertatu dira, baita osasun publikoa bermatzeko neurri murriztaileak ere. Zientzialariek egindako lan eskergak txertoak eskaini dizkie osasungintzako langileei, eta zazpi hilabete pasa daramatzate herritarrak txertatzen, besteak beste, Illunben.
Uztailaren 12ko astera arte, 12 eta 29 urte arteko herritarrak kontuan hartu gabe, 397.806 dosi jarri dituzte Illunben. Txertoaren bi dosiak 30 urte baino gehiago dituzten herritarren %49,87ak hartu ditu. Taldeko inmunizazioa herritarren %70ak txertoa hartu eta gero lortuko da. Bide onetik doa.
Maria Montero, Ana Hernandez eta Naiara Etxeberria erizainak Illunbeko txertaketa guneko gainbegiraleak dira, eta beraiek arduratzen dira Donostiako eta inguruko udalerrietako herritarren txertaketa prozesua antolatu, koordinatu eta burutzeaz. Hala azaldu du Maria Monterok beraien lana: “Guk hainbat zeregin ditugu. Batetik, Donostialdeko herritarren txertaketa kudeatzen dugu. Donostialdeko ESIra [Erakunde Sanitario Integratura], eta zehazki Illunbeko txertaketa gunera iritsiko diren txertoen dosi kopurua zehazten digutenean, dosien banaketa egiten dugu. Kronograma baten bidez, dosiak banatzen ditugu txertoaren etxearen arabera eta kontuan izanik noiz egokitu zaien bigarren dosia lehena hartu dutenei. Orduan, dosiak ateka [txertatzeko puntu zehatzak] banatzen ditugu, eta hor giza baliabideak antolatu behar ditugu. Osasungintzako langileak kokatzen ditugu, talde desberdinetan banatuta, irekiko ditugun ateetan. Txertaketa prozesuan parte hartzen duten langileak erizainak, erizain laguntzaileak, zelariak eta administrazioko langileak dira. Azken horiek Groseko anbulatoriotik egiten dute lan”.
Illunbe, txertaketa masiboaren ondorio
2020. urtearen amaieran herritarrak txertatzen hasiko zirela adierazi zuten munduko gobernu gehienek. Donostian, 2020ko abenduan hasi ziren zahar etxeetako egoiliarrei eta langileei txertoa ematen, zahar etxeetan bertan. 2021. urtea hastearekin batera, gainerako herritarren txertaketa hasi zen, adin nagusiena zutenetik hasita. Osasungintzako langileak eta oinarrizko zerbitzuetako langileak ere –irakasleak eta suhiltzaileak, esaterako–, orduan hasi ziren txertoa hartzen.
Une horretan bihurtu zuten Illunbe txertaketa gune, Donostialdeko ESIaren barnean dauden udalerrietako herritarrak txertatzeko. Illunben ez dituzte soilik donostiarrak txertatzen, baita hernaniarrak eta oiartzuarrak ere, besteak beste. Herritarrak txertatzeko leku egoki baten bila hasi ziren osasun agintariak, eta Illunbe aukeratu zuten. “Geografikoki eskuragarri egongo zen leku bat izan behar zuen Donostialdeko herritarrentzat, eta nahikoa espazio izan beharko zuena txertaketa gune bihurtzeko, baita beharrak aldatu ahala espazioa egokitzen joateko ere. Illunbe aukeratu zuten, une horretan erabiltzen ari ez ziren eremu bat zelako, eta bertan eraiki genuen txertaketa gunea”, azaldu du Monterok.
Zereginen araberako antolaketa
Txertaketa prozesua “konplexua” da, eta antolaketak efizientea izan behar du. Horretarako, zereginen arabera antolatzen dira osasungintzako langileak Illunben. Erizainak dosiak administratzeaz arduratzen dira, eta bi taldetan daude banatuta: “Ateetan 30 erizain daude, eta beraiek arduratzen dira txertoak jartzeaz. Kargan, berriz, hamalau erizain daude. Txertoaren etxeko karga gune bana dago Illunben, hau da, Pfizer, Moderna, AstraZeneca eta Janssen etxeetako bana. Karga guneetan txertoak prestatzen dituzte”, azaldu du Monterok.
Beste eraizain batzuk gorabeherez arduratzen dira: “Formularioren batekin arazoren bat egon bada edo bestelako gorabeherarik suertatu bada, hiru erizain daude horrelakoak konpontzeko. Txanda bakoitzeko bat”, azaldu du Hernandezek.
Erizain laguntzaileen ardura, berriz, txertatutako pertsonak informatikoki erregistratzea eta pazienteen historial klinikoa osatzea da. Beraiek erregistratzen dute pertsona batek txertoa jaso duela. Gainbegiraleek azaldu dutenez, 26 erizain laguntzaile daude txertaketa puntuetan, eta zortzi inguru karga gunean. Beste hiru daude, sor daitezkeen gorabeherei erantzun bat emateko. Beraien ardura da COVID-19aren ziurtagiriak ondo balioztatzea eta ondo eginda daudela ziurtatzea.
Zelarien lana ere garrantzitsua da Illunben: “Zelariak atean egoten dira pazienteen kudeaketa egiten. Pazienteak Illunbera iristen direnean, jakin behar dute zein ate dagokien, eta egokitu zaien letraren arabera ilara batera edo bestera bideratzen dituzte zelariek. Erne egoten dira funtzionamendua ona izan dadin”, Monteroren arabera. Gainera, seinaleztapena zehatza eta argia da, eta erraza da leku batetik bestera mugitzea.
Biltokia ere Illunben dute, eta leihatiletan egoten diren administrazioko laguntzaileen lana nabarmendu du Hernandezek: “Leihatiletan informazio puntua dago: hor administrazioko laguntzaileek lanerako ziurtagiria ematen dute norbaitek behar badu, eta Osakidetzako ziurtagiria, txertoena, 24 ordutara daukate eskuragarri: pauta osoa jaso dutela ziurtatzen duena, alegia. Edozein zalantza izanez gero, informazioa ematen dutenak beraiek dira”.
Hernanitik ospitalera; hortik Illunbera
Antolaketaz gain, txertaketaren atzean dagoen logistika lana ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Espainiako Osasun Ministeritzak erabakitzen du autonomia erkidego bakoitzari zenbat dosi helarazi, eta behin Osakidetzak dosi kopuru jakin bat eskuratzen duenean, Osasun Laguntzako Zuzendaritza da dosien logistikaz arduratzen dena. Hau da, Osakidetzaren barruko zuzendaritza horrek erabakitzen du zenbat dosi helarazi behar zaizkion astero Donostialdeko ESIri. Kopurua zehaztuta, Illunbeko arduradunak hurrengo asteko antolaketaz arduratzen dira, arestian azaldu moduan.
Hala ere, txertoak ez dira Illunbera zuzenean iristen. Hernaniko Bexen Medical enpresa farmazeutikoak jasotzen ditu astero txertoak, eta Osasun Sailak gainberagiratzen du prozesua. “Hernanitik txertoak ESI bakoitzera garraiatzen dituzte, eta Donostialdearen kasuan, Donostia Ospitaleko farmaziara eramaten dituzte. Tenperatura eta baldintza egokiak betetzen dituzten izozkailuetan gordetzen dituzte txertoak. Ospitaleko farmaziak egunero izozkailu batzuk prestatzen ditu egun horretan behar diren dosiekin. Farmaziatik 06:30 aldera irteten dira, eta 07:00etan iristen dira Illunbera. Karga guneko langileek jasotzen dituzte, eta ziurtatzen dute iritsitako txertoak tenperatura egokian daudela eta kopurua egokia dela. Behin baiezkoa emanda, kargatzen hasten dira”, azaldu du Maria Montero gainbegiraleak.
“Egun horretan Illunbera etortzeko hitzordua duten pertsona kopurua ere aztertzen dute, eta ikusten dute ea baliokideak diren. Dosi gehiago beharko balira, farmaziari eskatzen diote”, esan du Hernandezek.
Txertaketa guneetako langileak 08:00etan hasten dira lanean, eta lehen hitzordua 08:15etan izaten da. “Karga gunetik txertaketa puntuetara dosiak eramaten dituzte. Batetik bestera emandako pauso guztietan zehazten dugu orri batean zenbat dosi diren, zenbat multzo, zein ordutan txertatu dugun pertsona bakoitza… Gorabeheraren bat izanez gero, erraz ikusi dezakegu horrela prozesuko zein unetan izan den akatsa”.
“Kate bat” da, Hernandezen esanetan: “Erizain laguntzaileek egiten duten erregistroarekin burutzen da guztia, eta hor ziurtatzen dugu dena ondo joan dela”.
Egoeraren arabera eraldatuz
“Ohituta eta entrenatuta” daude, eta antolaketa efizienteena aurkitu dute. Hala ere, ez dira beti berdin antolatu: “Hasiera batean Illunben askoz gutxiago txertatzen zen. Orain daukagun txertaketa bolumena igotzen joan da. Hasieran hemen Illunben txertatzen genituenak ez ziren egunean 300 pertsonara iristen”, azaldu du Ana Hernandez gainbegiraleak.
Gainera, pazienteen profila aldatuz joan da, eta horren arabera, antolaketa: “Hasieran bi ate geneuzkan irekita, eta egunean 600 dosi administratzeko gaitasuna geneukan; beranduago hondargunea zabaldu genuen. 80 urte baino gehiago dituzten herritarrak eta mugikortasun murriztua duten herritarrak autoan ekartzen zituzten senideek lehenago, eta autotik jaitsi gabe administratzen genien txertoa. Ordu laurden itxaroten zuten aparkalekuan, eta dena ondo bazegoen, 21 egun beranduago itzultzen ziren bigarren dosia jasotzera”, adierazi du Monterok.
Txertatzea zegokien pertsona kopurua handitu ahala, txertatzeko gaitasuna ere handituz joan dira Illunben. Gaur egun, egunean 13.200 dosi jartzeko gaitasuna du guztira, eta egunaren arabera aldatzen bada ere, batez beste 4.000 dosi inguru jartzen dituzte zezen plazan.
Itxaropena
Pazienteak “oso pozik” daudela nabarmendu du Monterok: “Jendearen jarrera ona da, eta itxaropenarekin etortzen dira. Azkenean, asko kostatu da honaino iristea, eta jendeak gogoa dauka pauso hau emateko eta behingoz honekin bukatzeko”.
“Egia da komunikabideetan gehiegizko informazioa eman dela, eta jendeak ez dakiela oso ondo nola kudeatu informazio hori bere buruan”, gehitu du Hernandezek. Hala ere, zalantzak argitzeko prest daude une oro Illunbeko langileak.
Illunbeko langile gehienak emakumeak dira, eta gainbegiraleek azaldu dutenez, ez daude aurre egin behar izan dioten egoera okerrenean: “Pandemiako alde jator eta itxaropentsuena da txertaketa». Langileen arteko giroa «ona» da: «Hori oso garrantzitsua da lan egiteko”, esan du Maria Montero gainbegiraleak.
Txertatzearen garrantzia nabarmendu du Monterok: “COVID-19aren eboluzioa eta transmisioari galga jartzeko, helburua talde inmunitatea da, eta horretarako dago txertoa. Txertoak bizitzak salbatzen ditu, ZIUn bukatzea saihesten du, baita osasun sistema saturatzea ere. Beste edozein txertorekin gertatzen den moduan, kutsatu zaitezke eta kutsatu dezakezu, eta horregatik dira hain garrantzitsuak osasun neurriak: maskararen erabilera, distantzia soziala…”.
Pfizer enpresak dagoeneko esan du urtero txertatu beharko dutela herritarrek. “Medikamentuen agentziek oraindik ez dute ezer erabaki, eta horri itxaron beharko diogu”, esan du Monterok. “Baina erabakitzen badute, eme eta tinko segituko dugu lanean”, gehitu du Hernandezek.