Arraun Lagunakek asteburu biribila osatu du
Arraun Lagunak taldea, Santurtziko Ikurriña altxatzen. (Argazkia: Aitor Arrizabalaga/Eusko Label Liga) Arraun Lagunak Euskotren Liga irabazteko helburua betetzeko gero eta hurbilago dago, asteburuan III. Bilboko Bandera eta Santurtziko XLII. Ikurriña irabazi ostean. Hain zuzen, larunbatean Bilboko uretan lehiatu ziren, eta estropada erlojupekoa izan zen, Arraun Lagunak garaile izanik, 10:31,24 minutuko denbora egin ondoren. Nerbioiko uretatik urrundu gabe, Santurtzira joan ziren atzo, eta han ere garaile izan ziren donostiarrak, 13:07,90 minutuko denbora eginda. Horrela, sailkapen orokorrean lehenengoak dira Arraun Lagunakekoak, 33 punturekin. Bigarren sailkatua Orio da (31 puntu), hirugarrena Donostiarra (21 puntu) eta lauugarrena Hondarribia (15 puntu). Zarautzen izango da hurrengo estropada, abuztuaren 14ko asteburuan, eta donostiarrek gero eta gertuago dute liga irabaztea.
Donostiarrari dagokionez, Bilboko estropadan hirugarren izan zen, 10:37,98 minutuko denbora eginda. Orio izan zen bigarren (10:37,68) eta Hondarribia laugarren (10:38,66). Santurtzikoan ere hirugarren izan zen Donostiarra, 13:14,84 minutuko denbora eginda. Bilbokoan bezala, Orio izan zen bigarren sailkatua (13:13,92) eta Hondarribia laugarrena (13:36,86).
Mutiletan, Hondarribiak irabazi zuen Bilboko Bandera, 19:21,74 minutuko denbora eginda, eta Donostiarra bosgarren izan zen, 19:41,92 minutuko denborarekin. Santurtzikoan, aldiz, hirugarren izan ziren Donostiakoak, 19:44,52 minutuko denborarekin. Irabazlea etxeko taldea izan zen, Santurtzi, 19:32,72 minutuko denbora eginda. Sailkapen orokorrean, bosgarren postuan dago Donostiarra, 84 punturekin; Santurtzi dago lehenengo postuan, 106 punturekin.

