Añorgako Parada baserria bota dute dagoeneko
Azken hiruzpalau urteotan itxita eta hesituta egon ostean, Añorgako Parada baserria, ondoren Itxas Alde jatetxea izandakoa, dagoeneko ez da existitzen, duela astebete inguru bota egin baitzuten. Baserria Salaberria familiarena zen bere garaian, baina saldu zutenean, jabe berriek Itxas Alde izena jarri zioten eta erretegia ireki zuten. Jatetxea jabez aldatu zen, eta duela hiruzpalau urte itxi zuten; orain, Itxasalde V izeneko urbanizazio pribatua eraikiko dute. Luxuzko hainbat etxebizitzak osatuko dute urbanizazioa, eta bakoitzak igerileku propioa izango du.
Atotxa Erreka bidearen 83. zenbakiko eraikinaren historia errepasatu zuen hedabide honek maiatzean, auzokoen eskutik. Hain zuzen, Parada baserriko proiektuarekin eta Añorgan garatzen ari diren hainbat proiekturekin kezkatuta azaldu ziren bizilagunak.