Datorren urteko hasierarako prest egongo dira Egiako Alaialde eremuko hobekuntzak

Alaialde Jai Alai kaletik gertu dago Alaialde etxebizitzen gunea. (Argazkia: Inaxio Esnaola)

Egiako Alaialde eremuan parke bat eraikitzeko eta ingurua egokitzeko lanak Campezo Obras y Servicios enpresari adjudikatzea erabaki du Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak. 95.735 euroko aurrekontua dauka proiektuak eta bost hilabeteko epean gauzatu beharko du enpresa esleipendunak. Beraz, datorren urte hasierarako amaituta egotea aurreikusten du udalak.

Espazio publiko inklusiboa aurreikusten du proiektuak, haurrentzako, helduentzako eta adinekoentzako elementu eta jolasekin. Gaur egun, hainbat norabidetan malda handiak dituen ingurua da, eta aisialdirako erabilerarik ez duten berdegune txikiak ditu. Horrela, proiektua lursailaren geometrian oinarritzen da, perimetroan zehar ibilbide irisgarriagoa eta erdialdeko eremu laua sortu ahal izateko. Eneko Goia alkateak azaldu duenez, eremuaren alboetako batean helduentzako jolas ekipamenduak jarriko dituzte, eta erdialdean haurrentzako elementuak, “guztiek espazio berean elkarrekin egoteko aukera izan dezaten”.

HITZAkide HITZAkide