Nafarroako pilota omenduko du Antiguako Pilotazaleok elkarteak
Antiguako txapelketaren antolakuntzak aitortza egingo dio Nafarroako pilotari, eta horregatik lekua aldatu eta Larraintzarren izango da. Jaialdiarekin Julian Lajos eta urteetan zehar pilotari eta pilotazale ez hain ezagunek egindako lana omenduko dira. Partida horrekin hasiera emango zaio aurten 73. edizioa beteko duen Antiguako Torneoari. Euskal Herriko afizionatu mailako zaharrena da torneo hau.
Elite eta emakumezko onenekin osatutako txapelketak aurten bederatzi jardunalditara murriztu dira. Promesetan eta nagusietan pilotariak hiru bikoteko bi multzotan banatu dira, eta sei bikote hauek ligaxka bat jokatuko dute euren artean abuztuaren 31n jokatuko diren finalerdiak argitzeko. Horien artean izango da Mirian Arraiza antiguarra. Hiru mailetako finalak irailaren 4an, larunbatean, jokatuko dira.
Pandemiagatik baldintzatuta, edukiera %35ekoa izango da. Baina partida guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira internetez, Antiguako Pilotazaleok-en youtube kanalean.