"Arauak bidegabekoak izan dira batzuetan, ulertezinak beste batzuetan"
Iker De Miguel Prim kalean dagoen Izarraitz tabernako jabeetako bat da. Egoera berri honetara egokitzeko, aparkalekuetan jarri dute terraza, eta oso gustura daude. Hori eta beste kontu batzuk kontatu dizkigu Ikerrek.

Nola eraman zenuten konfinamendu garaia?
Ziurgabetasun handiarekin. Ez genekien zer ari zer gertatzen, ezta ere zer gertatuko zen. Urduritasun handiarekin bizi izan genuen konfinamenduak iraun zuen denboraldia.
Laguntzarik izan zenuten?
Bai, zerbait bai. Eusko Jaurlaritzaren Sustapen Sailak eman zigun laguntza, eta ez gara kexatzen. Ez zen erraza izan laguntza horiek kudeatzea, guretzat berria baitzen dena, baina azkenean lortu genuen eta jaso genuen zerbait. Egia da terraza jartzea ere salbazio izugarria izan dela.
Terrazari lotuta, orain jarri behar izan duzue, ala lehendik zeneukaten?
Pandemiaren aurretik eskatu genuen terraza jartzeko baimena, baina ezeztatu egin ziguten ez zelako arautegian sartzen. Itxura denez terrazen arautegiak ez zuen baimentzen aparkalekuetan jartzea terrazarik. Ikusi genuen hurbileko beste leku batzuetan egiten hasi zirela: Zarautzen, Hendaian… eta ez genuen ulertzen zergatik guri ez ziguten uzten. Baina konfinamenduaren ostean, berriz proposatu genion udalari, guk eta Donostiako beste zenbait tabernak, eta konturatu ziren ez zuela zentzurik hori ukatzen jarraitzeak, beharrezkoa bilakatu baitzen aurrera jarraitu ahal izateko. Beraz, azkenean lortu genuen baimena eta pozik gaude.
Izan duzue arazorik bizilagunen aldetik kotxe plazak kentzeagatik?
Orokorrean ez. Etortzen zaigun jende gehiena oso pozik dago, eta bizilagunak ere bai. Egia da kexa puntualen bat izan dugula, ez baita erraza jende guztia konformaraztea, baina konpondu ditugu arazoak eta esan daiteke denok gaudela pozik terrazarekin.
Pandemia dela eta, uste duzu barruan egotearen ohitura galtzen ari dela?
Ez nuke esango horrela denik, eguraldi kontua dela uste dut. Eguraldi ona dagoenean, ulertzekoa den moduan, jendeak nahiago du kanpoan kontsumitu. Txarra egiten duenean, ordea, barrura ere etortzen da jendea. Azken batean, eguraldi txarrarekin, euriarekin batez ere, erosoagoa da barruan kontsumitzea, eta horrek horrela jarraituko duela uste dut. Gainera, guk barrualdea ondo aireztatuta dugu, beti baititugu leihoak zabalik. Beraz, alde horretatik ez dago arazorik barruan ere egon ahal izateko.
Bezeroei dagokienez, bezero finkoak dituzue gehien, ala denetarik?
Egia esan gehienbat inguruko biztanleak etortzen zaizkigu, baina kanpotarrak ere etortzen dira. Azken batean Donostia hiri turistikoa denez, turistak leku guztietatik pasatzen dira, beraz geratu ohi dira hemen ere. Baina gehienak ingurukoak izan ohi dira egia esan.
Ostalaritzaren sektorea asko bildu izan da hilabete hauetan mobilizazioak eginez gobernuaren jarrera salatzeko. Bat egin duzu mobilizazioekin?
Egiten zena jarraitu dugu, adi egon gara, baina ni neu ez naiz mobilizazioetara joan. Uste dut horrek ez dituela arazoak konponduko.
Etorkizunari begira, nola ikusten duzu egoera?
Ezin daiteke jakin. Ziurgabetasunak handia izaten jarraitzen du, eta agertzen diren aldaera guztiek asko zailtzen dute egoera. Gainera, asko leporatu zaie gazteei kutsatzeak areagotzearen errua, baina ez du uste errua hauena denik. Agian, konponbidea gazteak lehenagotik txertatzea izan zitekeen. Izan ere, gazteei eskatzen ari gara etxean geratzeko, baina gazte bati ezin zaio eskatu bere sasoirik onenean ez ateratzeko kalera. Esan dudan moduan, agian hauek lehenago txertatzea irtenbidea izan zitekeen, baina ezin daiteke jakin, ez dakit zer izango zitekeen onena egia esan. Denok izan behar gara arduratsuak, eta gauzak hobeto egiteko aukera denona izan da, ez gazteena bakarrik.
Horri lotuta, asko esan izan da kutsatze gehienak tabernetan gertatu direla. Hori egia dela uste duzu?
Ez, ezetz esango nuke. Ez dut horren ebidentzia zientifikorik ikusi, beraz, ez nuke esango horrela denik. Egia da tabernak topaketa guneak direla, baina ez da demostratu kutsatze guneak izan direnik. Izan ere, tabernez gain beste topaketa leku asko daude. Guri bota zaigu errua, eta bidegabekoa dela uste dut. Pila bat arautegi aldaketetara moldatu behar izan gara; ordutegia mila aldiz aldatu digute, eta guk momentu oro arau denak bete ditugu. Egia da agintarien lana ere ez dela erraza izan, ziurgabetasuna denontzat izan baita berdina, baina gure lana ere ez da erraza izan. Arau batzuk bidegabekoak izan dira batzuetan, ulertezinak beste batzuetan. Baina egoera denetara moldatu gara eta ahal dugun moduan ari gara aurrera egiten, beraz errua guri botatzea ere ez da bidezkoa.