Gipuzkoa plazako beltxargetako bat Zarautzera eraman dute

Azkenaldian Gipuzkoa plazatik pasa direnak urmaeleko beltxargei begira gelditu badira, ezusteko galanta eramango zuten: hiru beltxargetako bat falta da. Hain zuzen, Eguzki Erakunde Ekologistak Twitter sare sozialean adierazi du Zarautzeko urmaelean agertu dela Donostiatik desagertutako beltxarga.
Udaleko iturriek hedabide honi azaldu diotenez, Zarautzeko Udalak beltxarga bat eskatu zion Donostiako Udalari, eta Gipuzkoa plazan “bat sobratzen zenez”, emeetako bat Zarautzera eramatea erabaki zuten. Horrela, bikote bat gelditzen da orain Donostiako urmaelean.
Gipuzkoa plazako beltxargak albiste izan ziren ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran, hainbat elkarte ekologista eta naturzalek salatu baitzuten beltxargek arrautzak jarri ondoren, udalak igeltsuzko arrautzengatik aldatu zizkietela, txitak izan ez zitzaten. Horrela, animaliak “lau hilabeteko krudelkeria” jasaten ari zirela salatu zuten. Izan ere, apirilean jarri zituzten arrautzak, eta, normalean, 35 egunez erruten dituzte. Arrautza faltsuak jartzean, ordea, animaliek alferrik erruten jarraitzen zuten, eta “gero eta akituago” zeudela salatu zuten naturzaleek. Udalak adierazi zuen maiatzaren 24an aldatu zizkietela arrautzak, eta uztailaren 26ko astean aurreikusten zutela igeltsuzkoak erretiratzea. Udaleko iturriek azaldu dutenez, aurreikusita zegoenean kendu zizkieten arrautza faltsuak.