8.000 pertsonako edukiera izango du Anoetak abuztuan
Zale ugari Anoetan, 2020ko urte hasierako Kopako partida batean. (Argazkia: Reala) Espainiako Osasun Sistemako Lurralde Arteko Kontseilua atzo bildu zen, eta erabaki zuen 2021/2022 denboraldiko futbol ligaren hasierarako estadioetan zaleak egotea ahalbidetzea. %40ko edukira muga ezarri zuten –saskibaloi estadioetan, aldiz, %30ekoa, espazio itxiak direlako–, baina Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) muga %20an mantenduko du Eusko Jaurlaritzak, Biziberri IV planaren irizpideak jarraituz. Abuztuan jokatuko diren partidetarako ezarri dute muga hori, eta Lurralde Arteko Kontseilua hilaren 29an bilduko da berriz, neurriak berrikusteko; beraz, baliteke irailetik aurrera edukiera handitzea.
Horrela, Anoetan 8.000 pertsona sartu ahal izango dira abuztuan jokatuko diren partidetan. Realak etxetik kanpo hasiko du liga, baina Rayo Vallecanoren aurka jokatuko du bigarren jardunaldia Anoetan, hilaren 22an (17:00etan). Era berean, handik sei egunera Levante jasoko du etxean, 19:30ean. Klub txuri-urdinak oraindik ez du azaldu nola banatuko dituen 8.000 sarrerak, baina baliteke bazkideen artean zozkatzea.

