Easo plazako lanak amaitu dituzte
Iazko azaroan abiatu zituzten Easo plazako iparraldeko berrurbanizazio lanak, eta hainbat hilabeteren ostean, plaza berritua erabilgarri dago jada, nahiz eta udako barrakek zati bat hartzen duten egunotan. “Plaza zabalago eta seguruago bat” lortzeko helburuarekin egin ditu lanak udalak, eta horregatik, hainbat zuhaitz kendu dituzte, nahiz eta gehienak mantendu dituzten; plazaren alboetakoak, hain zuzen. Easo kaleko galtzadaren ondoko bidea, Easo kalearen eraikinen fatxaden ondokoa eta Arroka plazara doana errespetatu dituzte.
Plazaren zati horren erdian antzinako komun publiko batzuk daude, farola zahar baten azpian. Komun horien kanpoko elementuak –zutabea, barandilla eta zokaloa– nahitaez kontserbatu behar zituen udalak, Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian (EHOBPB) katalogatuta daudelako. Ondorioz, plazaren elementu nagusia da orain eremun hori, eta inguruan hormigoizko eta zurezko plataforma bat jarri dute. Plazaren beste zona batzuetan ere halako elementuak jarri dituzte, jendea bertan eseri ahal izateko.
Easo plazako lanek gora behera batzuk izan dituzte hilabete hauetan guztietan, esaterako, otsailean ur isuri handi bat izan zenekoa. Bestalde, Arroka kalearen egoera “negargarria” zela salatu zuen apirilean Kaxilda liburu dendak, eta, berriki, uztailean, plazaren izkina berritzeko lanak espero baino gehiago luzatzen ari zirela salatu zuen Amara Bai auzo elkarteak.