Sailkapenean gora egitea bilatuko du Donostiarrak Galiziako uretan
Arraunean, mutilak soilik lehiatuko dira asteburuan, Arousako (Galizia) itsasadarrean. Futbolean, Realak eta Osasunak jokatuko dute Euskal Herria Txapela finala, eta eskubaloian, Bera Berak bere lehenengo lagunartekoa jokatuko du.

Asteburu gogorra dute aurretik Donostiarrako arraunlariek, bi estropada izango baitituzte Arousako itsasadarreko uretan: Rianxokoa larunbatean, 18:13ean, eta Boirokoa igandean, 12:13ean. Eusko Label Ligako 11. eta 12. jardunaldiak izango dira, hurrenez hurren. Larunbatekoa estreinekoz egingo dute, eta beraz, traineruak Rianxoko urak ezagutzeko gogoz joango dira. Donostiarra bigarren txandan lehiatuko da horretan, Cabo da Cruzekin, Ondarroarekin, Bermeorekin batera. Lehenengo txandan Zarautz, Tiran, Lekeitio eta Ares lehiatuko dira, eta hirugarrenean Orio, Zierbena, Hondarribia eta Santurtzi. Boiroko txandak, aldiz, Rianxoko sailkapenaren arabera erabakiko dituzte.
Une honetan, ligako bosgarren sailkatua da Donostiarra, 84 punturekin, eta bi puntura dauka laugarren sailkatua, Orio. Beraz, denbora onak egiten saiatuko dira donostiarrak, Oriorekiko duten desberdintasuna txikitzeko. Aipatzekoa da, halaber, patroi onenen sailkapeneko burua Donostiarrako Arkaitz Diaz dela. Neskek, aldiz, datorren asteburura arte itxaron beharko dute berriz lehiatzeko.
Futbolean, Euskal Herriko Txapela lagunarteko txapelketaren finala jokatuko dute gaur, hilaren 6an, Realak eta Osasunak, bigarren urtez jarraian. Aurreko denboraldiko euskal derbietan puntu gehien lortzen dituzten bi taldeek jokatu ohi dute txapelketako finala, eta iaz gertatu zen moduan. Hain zuzen, pasa den denboraldiko euskal derbietan hamasei puntu eskuratu zituzten txuri-urdinek, lau partida irabazita eta beste lau berdinduta. Gorritxoek, aldiz, hamahiru puntu lortu zituzten. Iazkoa Realak irabazi zuen, Willian Joseren gol bati esker. Imanol Alguacilen mutilak aurten ere txapelka eskuratzen saiatuko dira. Norgehiagoka 20:30ean izango da, Irungo Gal estadioan.
Eskubaloian, Bera Berak bihar, hilaren 7an, abiatuko du denboraldi-aurreko lagunarteko partida sorta, Zuazoren aurka. Barakaldoko Lasesarre kiroldegian jokatuko dute neurketa, 12:00etan. Imanol Alvarez entrenatzaileak hamabost jokalari eramango ditu Barakaldora.