Erraldoien erakusketa doakoa izateko eskatu du EH Bilduk

Aste Nagusiaren faltan, Donostiako Udalak, Abuztua Donostian programaren barruan, San Telmo Museoan jarri ditu ikusgai Itzurun konpartsako erraldoiak (irailaren 12ra arte), hiriko kaleetatik ibiliko ez diren arren, herritarrek aurten ere ikusi ahal izateko. Haurrentzako sarrera doakoa da museoan, baina helduek ordaindu beharra dute, eta EH Bildu horren aurka agertu da: “Asteartetan izan ezik, sarrera ordaindu behar dute helduek erakusketan bisita egiteko: San Telmoko ohiko sarrera (sei euro, alegia; berdin-berdin museoa bisitatu ala ez). Hori dela eta, kexa ugari jasotzen ari dira. Izan ere, haurrek lagunduta joan behar izaten dute erakusketara, eta helduek ezustean hartzen dute, buruko, sei euro ordaindu beharra”.
Erraldoien erakusketa “egitasmo interesgarria” dela aitortu du oposizioko taldeak, baina euren ustez, “ez da inondik ere logikoa erakusketan bisita egiteagatik ordaindu beharra”. “Are gutxiago, kontuan hartzen badugu urtero kalean, eta doan (jakina), ikusteko aukera egoten dela. Eta are gutxiago, gaineratzen badugu erraldoien eta buruhandien konpartsak, Itzurunek, ez duela sosik ere jasotzen bisita horien truke, nahiz eta aurten, desfilerik egongo ez denez, diru sarrera gutxiago jasoko duen udalaren alderik”, gaineratu dute.
Horregatik, erraldoien erakusketa ikusteko sarrera helduentzat ere doakoa izateko eskatu dio EH Bilduk Eneko Goia alkateari, eta alternatiba batzuk proposatu dizkio: “San Telmo Museoan erakusketarako bidea bereiztea, erraldoiak soilik ikusi nahi dituztenentzat, edo erakusketari beste gune publiko bat bilatzea”. Era berean, Itzurun konpartsaren azken urteotako eskaera bat gogoratu dute EH Bildukoek: “Gogorarazi behar da, bestalde, Itzurun konpartsak erraldoiak eta buruhandiak urte osoan ikusgai izateko lokal bat eskatu ziola, duela bi urte, udal gobernuari (beste hiri batzuetan egiten duten moduan). Donosako EH Bilduren ustez, merezi du Donosako jaien ikur hauek behin betiko egoitza non izan dezaketen aztertzea”.