'Kontsumitu kultura' erakusketa, irailaren 12ra arte Bulebarrean

Donostiako Udaleko Festak sailak Kontsumitu kultura argazki erakusketa jarri du Bulebarrean, eta Eneko Goia alkateak inauguratu egin du gaur. “Erakusketa honek kulturak gure hiriarentzat duen garrantzia islatu nahi du. ‘Produktu’ horren aldeko apustua egin du beti Donostiak, baita sektorearentzat hain zailak diren une hauetan ere. Izan ere, bertako produktua da, ez du kutsatzen eta ez da iraungitzen; ezin hobea da edozein unetan eta egoeratan kontsumitzeko, eta, gainera, modu askotan aberasten gaitu”, nabarmendu du Goiak.
Argazkiz beteriko hamahiru panelek osatzen dute erakusketa, antolatzaileen arabera, honako sentimendu hauek erakusteko helburuarekin: “Donostiarrengan danborradak eragiten duen emozioa eta kidetasun sentimendua, Jazzaldiak bertakoei eta kanpotarrei helarazten dien inspirazioa, literaturaren bidez Literaktumek eskaintzen digun askapena, San Telmoko erakusketek ekartzen dizkiguten eta aurkitzeko ditugun munduak edo San Tomaseko feriak gure sustraiei eta historia kolektiboari eusteko gogorarazten digun nortasuna”. Irailaren 12ra arte egongo da ikusgai.