"Eiger zen gure taberna kutunena"
Saioa Burutaran Las Penas garage pop talde donostiarreko bateria jotzaile eta korista da, eta taldeak izandako bilakaerari buruz hitz egin dugu berarekin. Kontzertua eskainiko dute Donostiako Bataplan aretoan hilaren 7an, 20:00etan.

Kontzerturako gogoekin zaudete?
Diskoa atera dugunetik, gure hirugarren kontzertua izango da gaurkoa. Gogo handiak ditugu, ez ditugulako izan kontzertuak emateko aukera asko izan.
Ez da erraza izango orain kontzertuak lotzea, ezta?
Oso-oso zaila da. Kontzertuak antolatzen dituzten gero eta leku gutxiago daude, eta egoera kezkagarria da musikaren munduarentzat, egia esan. Horrela ere, nahiko pozik gaude, Donostian bi kontzertu ditugulako, esaterako. Ez ditugu kontzertuak soilik Donostian eskaini nahi, azkenean jende nazkatu ere egiten delako. Lehenengo kontzertua Dabadaban eskaini genuen, ondoren Madrilen egon ginen, eta orain Bataplanen joko du.
Zer itxura dauka udak kontzertuei dagokienez?
Ez ditugu kontzertu asko lotuta, egia esan, aukera gutxi daudelako; jaialdiak ez daudenez, esaterako, horrek asko mugatzen gaitu. Momentuz, itxita daukagu Kantabrian eskaini dugun kontzertu bat.
‘Sin Dolor’ diskoa aurkezten ari zarete, ezta?
Orain dela bi hilabete inguru atera genuen diskoa, eta orain ari gara aurkezten, bai. Gure lehenengo diskoa da. Abesti propioak joko ditugu kontzertuan, baina baita bertsioren bat ere.
Nolakoa da diskoa?
Abesti gehienak gaztelaniaz dira, baina baditugu pare bat frantsesez ere, eta bat ingelesez. Soinu aldetik, 1960ko hamarkadako musikaren estiloa jotzen dugu, garage eta pop kutsukoa gehien bat. Oso garageroak gara.
Zuen bideoklipetan ere atzematen da 1960ko hamarkadako estetika.
Gustuko dugun musika eta estetika da, azken finean. Entzuten dugun musika hori da, eta taldekideok musikarengatik ezagutu genuen elkar. Beraz, estilo hori ateratzen zaigu nahigabe.
Pandemia garaian disko bat argitaratzera ausartu zarete.
Ez dugu asko pentsatu, egia esan. Abestiak konfinamendu garaian grabatu genituen, eta TES Studiorekin muntatu genituen ondoren. Hala ere, une horretan denbora genuelako animatu ginen, bestela ez genuen ezer grabatuko agian. Diskoa argitaratu aurretik single batzuk kaleratu genuen, gaur egun talde guztiek egiten duten moduan. Gaur egungo kontsumoa horrelakoa da.
Nolako harrera izan du diskoak?
Oso ona izan da. Leku askotan atera gara eta gure estiloko jendeari gustatu zaio. Gurea ez da modan dagoen estilo bat, beraz, ez geneukan sekulako arrakasta izateko helbururik. Guk gurea egin nahi nuen, eta ez bazitzaion inori gustatzen, gure oroitzapenean gelditu zen.

Maria Llorente (abeslaria eta teklatua), Adriana Ormazabal (gitarrista eta korista), Saioa Burutaran (bateria jotzailea eta korista), Mikel Toyos (gitarrista) eta Pedro Ribera (baxua) dira Las Penas talde donostiarreko kideak. (Argazkia: Las Penas)
Ez da oso estilo ohikoa gure inguruan, egia da. Zein girotan ibiltzen zarete zuek Donostian?
Gehienak Donostiakoak garenez, Eigerren elkartzen ginen gehien bat, baina itxi dute dagoeneko. Eigerrez gain, Le Bukowskin ere asko ibili izan gara eta garai bateko Dabadaban ere bai, ez zenean horren trap estilokoa. Kontzertuak ikusteko ere elkartu izan gara betidanik. Hala ere, Eiger zen gure taberna kutunena.
Atsekabez hartuko zenuten orduan Eigerren itxieraren albistea, ezta?
Bai… Dagoeneko ez dira gelditzen Eigerren estiloko taberna asko, eta gero eta gutxiago gelditzen dira Donostian. Amara Berrin Art Cafe dago, baina ez da gau girokoa.
Nola sortu zenuten taldea?
Hasieran, taldeko neskak elkartu ginen: Maria [Llorente], Adriana [Ormazabal] eta ni. Ez genuen esperientzia handirik musika taldeetan, baina gogoa genuen zerbait egiteko, eta pixkanaka elkarrekin jotzen hasi ginen, bertsioak jotzen, eta abar. Baxu bat behar genuenez, egun batean Pedro [Ribera] gure laguna etorri zen, eta azkenean taldearen parte izatera pasa zen. Ondoren, Mikel [Toyos] Mariaren mutila da, eta Adrianarekin batera gitarra jotzen hasi zen, beat guitar gisa. Oso ondo etorri zitzaigun, eta taldean gelditu zen bera ere.
Nondik dator Las Penas izena?
Arratsalde batean taldearen izena pentsatzen ari ginela, txantxetan hasi ginen esaten pena emango genuela, eta abar. Los Brincos, Los Bravos eta halako taldeak oso gustuko ditugunez, izenak gaztelaniazko las edo los artikuluak izan behar zituela erabaki genuen, eta gehienak neskak garenez, Las Penas jarri genion taldeari. Horrelako zerbait izan zen [barrez].
Erreferente antzekoak dituzue taldekideek?
Bakoitzak bere gustu propioak ditu, baina askotan bat egiten dugu. Adrianak, esaterako, gazteagoa denez, ez ditu besteok bezain beste entzun talde zaharragoak. Bestalde, Mikel oso Bob Dylan eta Flying Burritos zalea da, batik bat 1970eko hamarkadako musika gustuko du; Pedro garagero-agoa da, 1980ko hamarkadako musika gustuko du bereziki; eta Mariak gaur egungo musika asko entzuten du. Nik 1960ko hamarkadako musika asko entzuten dut, baina baita gaur egungo talde batzuk ere. Batzuk belaunaldi zaharrekoak gara eta beste batzuk belaunaldi berrikoak, baina elkar kutsatzen dugu.
Zer esango zenieke donostiarrei kontzertura joatera animatzeko?
Aukera on bat dela, garage estiloko talde gutxi daudelako Donostian, eta plan polit bat dela ondo pasatzeko eta beste talde bat ezagutzeko.