"Oso argi dugu norantz joan beharko lukeen turismoak"
Aldatz Tames, Ane Sarasola eta Mikel Sarasola Koba ostatua daramaten lehengusuak dira. 2017. urtetik daude Gros auzoko Karkizano kalean, eta turismo jasangarri baten alde daude.

Noiztik daramazue ostatu hau?
Aldatz Tames (A.T.): Hostel familiar bat da hau, eta hiru lehengusuren artean daramagu: Mikel Sarasola, Ane Sarasola eta ni. Ideia aspalditik izanda, 2015. urtean lokal hau hartzeko aukera ikusi genuen eta 2017. urteko ekainean ireki genuen.
Aurretik zeneukaten pentsatuta horrelako establezimendu bat ireki nahi zenutela?
Ane Sarasola (A.S.): Ez. Egia esan, gure ikasketak ez zeuden honetara zuzenduta. Nire kasuan bai, baina beraien kasuan ez. Pixkanaka, ikusita zein zen gure egoera, hau da, gure gustuak, gure lan egoera… horren baitan erabaki genuen ostatu bat zabaltzea.
A.T.: Gainera, beti izan gara oso familia bidaiaria. Beti geneukan amets hori, baina jolas moduan. Orduan, ikusi genuen Donostian falta zela horrelako espazio bat, eta gure ametsa zenez eta hiruok geundenez egoera ez oso egonkor batean, hau irekitzeko pausoa eman genuen.
Donostian horrelako espaziorik ez dagoela esan duzue. Zer du leku honek besteek ez dutena?
A.S.: Azkenean, hostel kontzeptua ez da hemen oso zabalduta zegoen kontzeptu bat. Guk bidaiatzen genuenean, Europan ikusi genuen, Estatu Batuetan ere bazegoen, Latinoamerikan ere bai… Baina hemen, Donostian, ez zegoen horrelako tokirik. Bazeuden ostatuak, bazeuden hotelak… Baina elementu guztiak nahasten dituen horrelako espaziorik ez. Orduan, asko bidaiatu dugunez eta horrelako hainbat leku ikusi ditugunez, uste genuen ondo geratuko litzakeela horrelako hostel bat Donostian.
Nolakoa izaten ari da uda hau?
A.T: Arraroa izaten ari da. Egia da 2017an ireki genuela, eta oso egoera turistiko ona zegoen momentu horretan. Pandemia etorri da, eta urte eta erdi daramagu egoera horren baitan, oso ondo jakin gabe zer gertatuko den. Aurtengo uda oso gaizki hasi zen, maiatza bukaeran ireki genuen eta espero baino askoz ere gogorragoa izan zen. Ez zetorren jenderik, beldurrez nabaritzen genuen jendea, eta ez ziren animatzen. Eta, bat-batean, uztailaren 15etik aurrera, boom egin du. Geroztik, beteta dugu.
Hain gogorra izan zen une horretan, planteatu zenuten betirako zarratzea?
A.T.: Gure asmoa aurrera jarraitzea eta borrokatzea zen, baina bai ikusten genuen onartu beharreko errealitatea hor zegoela. Horrela jarraituz gero, beste urtebete ezingo genuen establezimendua mantendu.
Izan duzue diru-laguntzarik?
A.T.: Oso gutxi. Zerbait heldu da Eusko Jaurlaritzatik, baina hau mantentzeko diru asko behar da, laguntza horiekin ezin daiteke hau mantendu. Azkenean, funtzionatzen du edo ez du funtzionatzen, eta beldurra geneukan. Orain, buelta eman du egoerak, baina iaz ere, bat-batean, abuztu erdialdean, egoera aldatu eta ezeztapenak jasotzen hasi ginen eta itxi egin behar izan genuen. Beraz, ezin gara fidatu, zer gertatuko den jakin gabe baikaude.
Nolako edukiera duzue momentu honetan?
A.T.: Edukiera mugatua dugu momentu honetan. Lehen logela konpartituak genituen gehienbat. Orain, ordea, gehienak pribatuak egin ditugu. Hau da, logela osorik soilik alokatu daiteke. Mantendu ditugu hiru logela konpartitu erromesentzat edo motxiladunentzat, baina edukiera mugatua dute.
Jendea ondo portatzen ari da neurri murriztaileak direla eta?
A.T.: Bai, espero baino hobeto.
A.S.: Aurreko udan bai ikusi genuen jendea barreiatuago, ez zituzten arauak betetzen aurten bezala.
A.T.: Hori da. Gainera, egoera desberdina zen. Espainiako Estatutik zetozenak, itxialdi oso erradikal batetik zetozen, eta beldur asko zuten hauek. Europan, ordea, lehengo udan ez zutenez oraindik COVID-19a hemen bezala sufritu, hona etortzean ez zituzten arauak ulertzen. Beraz, atzetik ibili behar ginen neurriak betetzeko eskatzen. Gero, pandemia Europara zabaldu zenean eta beraiek bizi izan dutenez, orain askoz mentalizatuago eta normalizatuago dute. Orain jada ez gara atzetik ibili behar.
A.S.: Gu ere ohitu gara dinamika horretara. Hasieran, kostatzen zitzaigun jendearen atzetik ibiltzea neurriak betetzeko eskatzen. Orain, ordea, denok ohitu gara.
Nolakoa da bezeroen profila?
A.T.: Aurten aldatu egin da. Hasieran, batez ere gela konpartituak genituen, hori baita hostel filosofiaren oinarria. Konpartituak eta familiarrak genituen konkretuki, eta turismo aktibotik enfokatu izan dugu hostel hau. Hau da, jarrera aktiboa hartzen duen jendea zetorren gehienbat. Ez soilik pintxoak jatera eta Kontxa ikustera datorren jendea; hortik aparte, mendian ibiltzera, bizikletan ibiltzera, surf egitera… animatzen den jendea nahi genuen, hori sustatu. Badaude hostel batzuk jende gazteari zuzenduak, party hostel delakoak, baina kontzeptu horretatik ere urrundu egin nahi genuen. Orduan, gure profila, batetik gazteak dira, baina ez oso gazteak, 25-35 urte bitartekoak gehien bat. Egia da ez garela hostel-ik merkeena, eta horrek publiko mota bat kentzen du, oso gaztetxoak bereziki. Bestetik, Europatik erretiratu asko ere etortzen dira, eta horrek adin maila igotzen du. Horrez gain, gero eta familia gehiago dator haurrekin. Horregatik, gelak eraldatzen joan gara. Izan ere, hasieran ez genuen gela familiarrik; orain, pandemia dela eta, sei ditugu. Bereziki, pandemiaren ondorioz aldatu den profila estatutik datozen familiena da. Lehen, abuztuan ez zen hori hainbeste nabaritzen, uztailean eta abuztuan batez ere australiarrak, amerikarrak, holandesak… etorri ohi ziren; orain, ordea, estatuko familia dezente nabaritzen ari gara.
Bizikletak eta beste zenbait elementu alokatzen dituzue. Nola doa hori?
A.T.: Surf taulak eta bizikletak alokatzen ditugu. Gu hemen egonda, nahi dugu inguruko enpresak ere irabazten ateratzea; beraz, sarean lan egiten ahalegintzen gara. Jendea harremanetan jartzen dugu beste enpresekin, komisiorik gabe. Horregatik, guk zerbitzuak eskaintzea baino, gure helburua da jendeari ezagutzera ematea gure inguruan dauden enpresa txikiak.
Nolako harrera izan duzue auzoaren partetik?
A.T.: Oso ona, espero baino askoz hobea. Egia da hasieran auzotarrek bazutela beldur pixka bat, normala den bezala. Baina guk ere harreman ona mantendu nahi dugu bizilagunekin, eta jendeak nabaritu du hori, beraz jendearen jarrera oso ona izan da. Gainera, bezero asko bidaltzen dizkigute. Komertzioarekin ere oso harreman ona dugu. Guk erosketa gehienak auzoan bertan egiten ditugu, bertako produktuak kontsumitzearen alde egiten dugu apustua, eta orduan oso giro ona sortu dugu.
A.S.: Bai, eta gainera asko laguntzen dugu elkar.
Orokorrean, Donostiako turismoaren egoera nola ikusten duzue?
A.T.: Kezkaz ikusten dugu. Gure ametsa zen horrelako hostel bat jartzea, baina justu bat egin zuen Donostian eztabaida handia zegoela turismoaren eta masifikazioaren inguruan. Guk hasieran oso proiektu polita ikusten genuen, baina egia da gure jardunak inpaktu oso handia izan dezakeela hirian. Nabaritzen genuen jendeak kezka zuela. Horrek ere behartu gaitu hausnarketa bat egitera: zer eredu nahi dugun, nolako bezeroak nahi ditugun, gure aktibitateak zer eragin izatea nahi dugun… Guk hausnarketa hori egin dugu, eta oso argi dugu norantz joan beharko lukeen turismoak, baina momentu honetan hiria (udala) ez dugu dinamika berdinean ikusten. Badago titular bat hor, turismo jasangarriaren alde; titular gisa oso ondo gelditzen dena, baina gero faltan botatzen ditugu politika publikoa horren inguruko ekintzak. Ekintzak falta dira. Gainera, turista ez da tuntuna. Denoi gustatzen zaigu oporretara joatea eta ondo tratatuta sentitzea. Baina egia da pena ematen duela Parte Zaharra nolakoa bilakatzen ari den ikusteak, eta nola horrek ere eragiten digun guri.
A.S.: Azkenean, gu ere donostiarrak gara, bizitza osoa daramagu hemen. Batzuetan kostatzen zaigu kaletik joatea eta turistaz beteta ikustea. Gainera, gustatzen ez zaizkigun jarrerak ere ikusten ditugu, eta penagarria da.
A.T.: Honetaz bizi gara, baina aldi berean sufritzen dugu.
Etorkizunera begira, nola ikusten duzue egoera?
A.T.: Gustatzen zaigu egoera baikortasunez ikustea.
A.S.: Bai, saiatzen gara baikorrak izaten.
A.T.: Pentsatu nahi dut onartu dugula COVID-19a hemen geldituko dela, eta ikasi behar dela horrekin bizitzen. Pixkanaka, pentsatu nahi dugu itzuliko garela lehengo dinamikara eta bidaiatzera, baina beldurra hor dago. Koba zerbaitek definitzen badu, partekatzeko kontzeptuak definitzen du. Momentu honetan, ordea, partekatu hitza iraultzailea bilakatu da. Hala ere, pixkanaka joan beharko luke egoerak buelta ematen eta lehengora itzultzen. Baina bai, beti gelditzen da kezka puntu hori.
A.S.: Gainera, elkartzen denean negua eta egoera hau… beldurra ematen du negua hasteak. Okupazioa asko jaisten da neguan hemen, eta hor hasten gara prezioak ere jaisten, jende gutxiago etortzen da, eguraldia ere txarragoa izaten da… eta horri gehitzen badiozu pandemiaren beste olatu bat, errematatzen gaitu. Ziurgabetasuna oso handia da, bai hemen eta bai denean.