Johnny Depp aktoreak jasoko du Zinemaldiko Donostia saria
Zinemaldiak iragarri du dagoeneko nori emango dioten irailaren 17tik 25era egingo duten 69. jaialdiko Donostia saria: Johnny Depp ((Owensboro, Kentucky, AEB, 1963)) aktore estatubatuar ezagunari emango diote. Ibilbide luzea du Deppek, eta hori aitortzeko emango diote saria, irailaren 22an, Kursaalean. Zinemaldiaren erabakiak, ordea, eztabaida sortu du sare sozialetan, aktoreak bere emazte ohi Amber Heardekin duen auziarengatik. Izan ere, Heardek 2016an salatu zuen Deppek tratu txarrak egin zizkiola ezkonduta zeudenean, eta, ordutik, prozesu judizial batean murgilduta daude.
Deppek 21 urterekin egin zuen debuta zinemaren munduan, A Nightmare on Elm Street (1984) filmean. Ondoren, film ugaritan hartu du parte, eta bereziki ezaguna da Tim Burton zuzendariarekin eta Pirates of the Caribbean sagako filmetan egindako lanagatik. Bestalde, hiru aldiz izendatu dute Oscar sarietarako; Golden Globe bat lortu du eta hamar aldiz izan da hautagai; Screen Actors Guild Award sari bat jaso du (gizonezko aktore onenarena), eta sari horietarako sei izendapen ere izan ditu; eta, azkenik, People’s Choice Award sarien 14. edizioa irabazi zuen.
Aktorea hirugarrenez izango da Zinemaldian. 1998an etorri zen estreinakoz, Terry Gilliamekin, eta 2020an azken aldiz, Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan ekoizpenean parte hartu zuelako. Irailaren 22ko sari banaketarako sarrerak irailaren 13an jarriko dituzte salgai.