Larunbatean zaleak Anoetara itzuliko dira, eta zozketa bidez banatuko dituzte sarrerak
Urte eta erdiren ondoren, realzaleak Anoetako harmailetara itzuliko dira larunbatean, hilaren 14an, Sansek Leganesen aurka jokatuko duen partidan (17:00etan). Eusko Jaurlaritzak %20ko edukiera maximoa ezarri du futboleko estadioetarako, eta beraz, 7.900 lagun sartu ahalko dira Anoetan abuztuko partidetan; irailean neurriak berrikusiko dituzte, eta baliteke edukiera muga malgutzea.
Horrela, abuztuan Sanseren eta lehenengo taldearen bina neurketa jokatuko dira Anoetan, eta sarrerak zozketa bidez banatuko ditu klub txuri-urdinak bere bazkideen artean. Realak argitu du partida baterako izena emateak ez dituela beste partidetara joateko aukerak murriztuko, norgehiagoka bakoitzerako zozketa zerotik abiatuta egingo baitute. Klubak nabarmendu du koronabirusaren kutsatzearen aurkako segurtasun neurriak beteko dituztela.
Anoetara joan nahi duten bazkideek aurretik izena eman beharko dute Realaren webgunean edo Realzale aplikazio mugikorraren bitartez, eta izen-emate epea partida bakoitzaren astearen lehenengo egunetan irekiko dute. Eskaerak 7.900 pertsonen edukiera gainditzen badu egingo dute zozketa (ez bada kopuru horretara heltzen, izena ematen duten guztiak joan ahalko dira zelaira), eta bazkideak ticketing plataforman eskuratuko dituzten sarrerekin joan beharko dira zelaira, ez bazkide txartelarekin. Taldean joan nahi izanez gero, klubak gomendatu du izen-emate epea irekitzen deneko lehenengo orduak saihesteko, eta banakako galdetegiak hurrengo orduetan aldi berean betetzeko.