San Bartolomeko begiratokia ireki dute
Zortzi hilabeteko lanen ostean, herritarrentzako ireki dute dagoeneko San Bartolome muinoko begiratokia. Egur teknologikoz estalitako plataforma handi bat da, Catalonia hotelaren eta etorkizunean han jarriko duten Talent Housearen ondoan dagoena, Easo kalearen gainean. Eremua berrantolatzeko lanak iazko azaroan abiatu zituzten, eta 759.646 euroko aurrekontua izan dute. “Amaitu gabe geratzen zen azken espazioetako bat da, San Bartolomeko eremuaren birsorkuntza burutzeko. Dudarik gabe, eremu horrek bizitasunean eta espazioan irabazi du, herritarren gozamenerako”, adierazi du Eneko Goia alkateak.
Joseba Elosegi abertzale eta borrokalari antifaxistaren izena jarri diote begiratokiari, eta Easo kaleko 22. zenbakiko eraikinaren ondoko igogailu publikotik igotzen da hara. Harmailak eta arrapalak ditu, baita kristalezko baranda bat ere. Bestalde, plataformaren egituraren eta San Bartolomeko hormaren artean habia kutxak jarri dituzte, “garai batean inguruan ohikoa zen sorbeltza hegaztiaren itzulera laguntzeko”.
Begiratokiaz eta San Bartolome gaineko eremuaren berrantolaketaz gain, Easo plazaren berrurbanizazioa ere bukatu dute. Era berean, Larramendi kaleko tartea berritu dute, Urbieta eta Easo kaleen artean, eta bidegorri batekin eta autobus geltoki berriarekin berrantolatu dute. 511.313 euroko aurrekontua izan dute lanek. Bestalde, egitura sendotzeko lanak egin dituzte San Bartolomeko horman, eta jarritako habeak estaltzeko hainbat elementu aztertzen ari dira.
Falta diren lanei dagokienez, muinoko bidea eta hotelaren ondoko berdegunea egitea dira egingo dituzten hurrengoak; laster hasiko dira horiekin. Bestalde, Aldapetako izkinako merkataritza guneari lotutako hirigintza proiektua ere egingo dute. Irailean behin betiko onartzea aurreikusten dute.