Paco Yoldiko gimnasioa Carmelo Baldaren goialdera lekualdatuko dute
Amara Berriko Paco Yoldi udal kiroldegian urteroko geldialdi teknikoa egiten ari direla aprobetxatuta, kardioko eta muskulazioko gimnasioak Carmelo Balda pilotalekuaren goialdean egongo dira hilaren 11tik aurrera, behin behinean. Kiroldegi horretako gimnasio berria eraikitzeko egingo dute lekualdaketa, eta Donostiako Udalaren aurreikuspenen arabera, abendurako prest egongo da behin betiko instalazioa.
Orain arte kiroldegiko taberna zegoen lekuan –itxita dago dagoeneko– jarriko dute 600 metro koadroko gimnasio berria. Lau eremu nagusi izango ditu: ekardiobaskularra, muskulazio makinena, pisu librekoa eta entrenamendu funtzionalekoa. Askotariko makinak jarriko dituzte, eta Bluetooth teknologia izango dute, erabiltzaileek euren dispositiboekin konektatu eta entrenamendu pertsonalizatuak jarraitu ahal izateko. Makinak erosi beharrean, renting bidez eskuratuko dituzte; alokairu bidez, alegia. Udalaren arabera, “horrek hobekuntza handiak ekarriko ditu makinen mantentze lanetan eta eguneratzean. Adibidez, matxurak 72 orduko epean konpondu beharko dira gehienez, eta epe hori gaindituz gero, makina antzeko beste batez ordezkatuko da. Gainera, kontratu honek bost urteko iraupena izango du, eta horien bukaeran gimnasioa osorik berrituko da”.
Donostia Kirolak 273.000 euro inbertituko ditu gimnasio berria eraikitzeko lanak egiteko, eta horrez gain, hilean 10.000 euro inguru gastatuko ditu aipatu renting-ean.