"Tokiko musikarien aldeko apustua egin behar dugu"
Altxerri taberna Donostiako kontzertua areto historikoenetako bat da, eta pandemia garaian ere, hirian zuzeneko kontzertuak antolatzen zituen areto bakarra izan zen hainbat hilabetez. Pandemiaren aurkako neurriak direla eta, ordea, itxita pasa ditu azken zortzi hilabeteak. Jazzaldiarekin batera ireki zuen atea berriz, eta ordutik etengabe kontzertuak antolatzen dabiltza. Cristian Bazaes arduradunak Altxerriren egoeraren berri eman digu.
Zortzi hilabetez itxita egon aurretik, Iker Pirisek eta Greg Izorrek eskaini zuten Altxerriko azken kontzertua, 2020ko azaroaren 6an. Nola gogoratzen duzu?
Kontzertu ikaragarria izan zen. Beste emanaldi bat geneukan antolatuta egun horretarako, baina Ikerrek eta Greg bira bat egiten ari ziren Euskal Herritik, eta hurrengo egunean ziren Altxerrin jotzekoak. Ikerrek eskatu zidan eguna aldatzeko, euren biraren beste kontzertuak ez zapaltzeko, eta hala egin genuen, azaroaren 6ra pasa genuen. Horrela, 5ean jakinarazi ziguten 6a zela tabernak irekita izateko azken eguna, eta Ikerrek eskatu zidan mesedez kontzertua bertan behera ez uzteko, dagoeneko beste kontzertu batzuk ezeztatu baitzizkioten. Badakizu Altxerriko energia berezia dela, eta ezin nion ezetz esan; gainera, erreserba batzuk banituen dagoeneko. Esfortzu bat egin genuen, eta Greg Izor Madriletik etorri zen, soilik kontzertu horretarako. Jendea oso pozik atera zen kontzertutik, eta Altxerriko familiak beste lagun bat egin zuen: Greg.
Horren ondoren, laster ireki ahal izango zenutela uste zenuten?
Zaila ikusten genuen, guk gauez egiten baitugu lan gehien bat, eta etxeratze aginduarekin eta positiboen gorakadarekin zaila zen lan egin ahal izatea. Horrela, erabaki genuen neurriak malgutu arte ez irekitzea. Izan ere, Altxerri ez da kopak hartzeko taberna arrunt bat, jendea ohituta dago zuzenean kontzertua ikustera etortzera.
Nolakoak izan dira hilabete hauek guztiak? Lehenago irekitzeko aukera aztertu duzue?
Ideia berriak garatzeko denbora izan dugu, eta besteak beste, tabernaren webgune propioa sortu dugu. Era berean, unean uneko edukiera mugetara egokitzeko modua bilatzen aritu gara, galerarik izan gabe irekita egoteko eta musikariek euren artea oholtza gainean erakutsi ahal izan dezaten, diru pixka bat irabazita. Izan ere, euren egoera ere ez da batere erraza, eta Altxerrin jotzen dutenean diru sarrera finko bat izan dezatela nahi dugu.
Jazzaldiaren astean hasi zineten berriz kontzertuak antolatzen. Nola joan zen aste hori?
Webgune berria ondo estreinatu nahi genuen, eta argi genuen asko jota Jazzaldiaren astean irekiko genuela. Uztailaren hasieran irekitzeko aukera ere aztertu genuen, baina aste horietan pandemiaren bilakaera nolakoa zen ikusi nahi genuen, eta azkenean, Jazzaldirako irekitzeko erabakia hartu genuen. Horrela, aste berezi bat antolatu genuen, bereziki, Jazzaldian jotzekoak ziren hainbat musikarik deitu zidatelako –Ariel Bringuezek, Javi Sanchezek eta Michael Oliveirak, esaterako–, Altxerrin ere jotzeko aukera izango ote zuten galdetzen. Musikarien maila altua ikusita, ezin genien ezetz esan, eta Ariel Bringuesek, esaterako, Altxerrin jo zuen Jazzaldian baino gehiago. Izugarria izan zen, eta jende asko ezagutu genuen.
Jazzaldian jotzekoak ziren musikariez gain, Donostiako eta inguruko talde batzuk ere izan genituen: Arima Soul, Nico Wayne Toussaint eta Iker Piris, Juan Sebastianen hirukotea, eta abar. Gauzak nola zeuden ikusita, ez genuen asko iragarri berriz irekiko genuela eta kontzertuak izango genituela, soilik ireki baino pixka bat lehenago sare sozialetan albistea eman genuen, eta musikariek ere euren sare sozialetan iragarri zituzten kontzertuak. Aste horretan bertan ordutegia 02:00etatik 01:00etara murriztu ziguten, eta edukiera 50 pertsonatik 35era.
Orain sarrera kobratzen duzue kontzertuengatik. Zergatik hartu duzue erabaki hori?
Oso edukiera mugatua daukagunez, kontzertuak antolatzea errentagarria izateko eta musikariek kobratuko dutela ziurtatzeko modu bakarra sarrera kobratzea da. Lehen, kontsumizioen prezioak igotzen genituen kontzertuan zehar, baina sarrera kobratuta egonkorragoa da musikarientzat biltzen den dirua.
Bestalde, edukiera mugatzearen eta sarrera kobratzearen alde ona etortzen den jende gehiena kontzertua errespetuz ikustera datorrela da, musikariak eta gainontzeko ikusleak molestatu gabe. Kontzertua bukatzen denean, noski, ohiko taberna baten modukoa da gurea ere, eta posible da ozen hitz egitea, eta abar. Era berean, pozgarria da ikustea jendea ohitzen ari dela sarrerak webgunetik erostera; mahaiak banaka, binaka, hirunaka, launaka edo bosnaka erreserbatu daitezke webgunetik, eta kontzertuaren eguneko 18:00etatik aurrera, gelditzen zaizkigun sarrerak tabernan bertan erosteko aukera jartzen dugu, gelditzen zaizkigun lekuak ondo antolatzeko.
Orain astebururo ari zarete kontzertuak antolatzen?
Ostegunetik igandera irekitzen dugu, eta egunero izaten ditugu kontzertuak. Tokiko taldeak lehenesten ditugu, izan ere, edukiera mugatuta izanda, zaila da kanpoko musikariak etortzea.
Maiztasun handiarekin jotzen zuten musikariak berreskuratzen ari zarete? Esaterako, Filipe Court eta Iker Piris.
Noski. Ireki dugunetik, lehen maiztasun handiarekin Altxerrin jotzen zuten musikarien kontzertuak antolatzen ari gara berriz: Filipe Court, Iker Piris, Ledian Mola, Jose de Pasaia hirukotea, Jon Aira, eta abar. Tokiko musikarien aldeko apustua egin behar dugu, beraiek ere gaizki pasa baitute hilabeteotan. Hala ere, pixkanaka kanpoko musikariak ekartzen hasiko gara baita ere; uztailean, esaterako, Tonky de la Peña blues musikari handia izan genuen. Niretzat plazer eta ohore handia izan zen. Gainera, berak deitu zidan, esanez Altxerrin jotzeko gogoa zuela, eta Bobby Fields estatubatuarrarekin etor zitekeela. Bi kontzertu eskaini zituzten, eta jendea izugarri pozik gelditu zen.
Pixkanaka joango gara gauza gehiago antolatzen, neurriek ematen dizkiguten aukeren arabera. Hala ere, hasieratik gure ideia izan da irekitzen genuen momentutik aurrera, berriz itxi behar ez izatea.
Garrantzitsuak dira Altxerriren moduko espazioak Donostian?
Oso garrantzitsuak. Une honetan, bizpahiru taberna ari gara zuzeneko kontzertuak antolatzen Donostian: Dabadaba, Be Club eta gu. Aipatzekoa da udalak antolatutako DKluba zikloko kontzertu batzuk antolatzen ari garela berriz, etenaldiaren ostean. Pozik eta gogotsu gaude, Donostiari musikaren arloan behar duen bultzada emateko. Ideia berriak garatzen ari gara: Zinemaldirako kontzertu sorta berezi bat antolatzeko lanean gabiltza orain, esaterako, eta espero dugu Jazzaldian antolatutako kontzertu astea datozen urteetan errepikatu ahal izatea.