Ander Cepas eta Olaia Martinez Mahai Teniseko txapeldunak
Gaur goizean, egokitutako Mahai Tenisa protagonista izan da Donostiako Udaletxeko udal batzar aretoan. Uztailean egin zen desgaitasun fisikoa duten pertsonentzako Mahai Teniseko txapelketa, eta Donostiako Atletikoko Ander Cepas eta Olaia Martinez jokalari donostiarrek irabazi zuten, Espainiako txapeldun bilakatuz. Hori dela eta, gaur goizean Donostiako Udalak harrera egin die. Eneko Goia alkateak zoriondu ditu biak, “ziur naiz etorkizunerako horrelako helburuak izango dituzuela buruan, eta horietan Udala bidelagun izango duzue”.
Anderrek eta Olaiak oroigarria jaso eta Donostiako Atletikok egiten duen lana euren kirola bultzatzeko eskertu dute. Horrekin batera, Donostiako Atletiko Mahai Teniseko Daniel Rebordinos arduradunak lanean gogor jarraitzera animatu ditu bi gazteak. Mahi Tenisaren Promes Paralinpiko taldea Espainiako Federazioko Mahai Tenisaren ekimen bat da, eta helburua jokalariei goi maila lortzen laguntzea da.