"Arazoak umorez hartzeko aukera ezin hobea da ‘5 minutun’"
Andoni Agirregomezkorta (Donostia, 1971) aktore eta umoregilea da. '5 minutun' antzezlana estreinatuko du Itziar Urretabizkaiarekin batera abuztuaren 12tik 15era 20:00etan Antzoki Zaharrean, eta sarrerak eskuragarri daude.
Andoni Agirregomezkorta aktore donostiarra. (Argazkia: Idaira Agirregomezkorta) Antzerkiari buruz, nondik dator ideia?
Pablo Mrar argentinarrak idatzi zuen, eta Argentinan egin zen lehenbizi antzerki obra hau. Sari asko irabazi zituen, eta gero Madrilen egin zuten Melanie Olivares eta Antonio Chaparrok antzeztuta, eta Txalo ekoiztetxekoek ikusi zuten. Beraz, gustatu zitzaien eta eskubideak lortu zituzten hemen ere egin ahal izateko.
Nolakoa da? Umoretsua da, ezta?
Bai, komedia bat da. 40 urte inguruko bikote bat konturatzen da guraso izango direla. Ez zuten espero, eta haurdunaldi test bat erosten dute. Test horren emaitza jakiteko bost minutu itxaron behar dituzte, eta bost minutu horietan dituzten pentsamendu, ideia eta fantasiak jorratzen dituzte; nolakoa izango den guraso izatearen esperientzia, nolakoa izango den haur batekin konpontzea, nola aldatuko den beraien arteko harremana… Hori guztia ikusten da taula gainean.
Beraz, arlo asko ukitzen ditu emanaldiak, ezta? Itxaropena, ezjakintasuna, antsietatea…
Bai, umorearen ezaugarrietako bat da jendea konektatu dezakeen zerbait egitea nik uste, identifikatuta sentiaraztea. Hori egiten saiatzen gara eta antzerki honetan oso ondo lortzen da. Batez ere guraso direnen artean arrakasta izango du.
Donostiatik aparte, zer beste herritan egin duzue edo egingo duzue?
Estreinaldia Donostian egingo dugu. Publikoarekin bi frogatxo egin ditugu, bat Aian eta bestea Urnietan, publikoaren erreakzioa ikusteko. Estreinaldia Donostian izango da, abuztuaren 12tik 15era.
Itziar Urretabizkaia da zure kidea. Aurretik elkarrekin egin izan duzue emanaldirik?
Egia esan bai. Bera Goenkale telesailean zegoen bitartean, nik bere etxean sartzen zen baten papera egin nuen, bere senide batena. Bi kapitulu izan ziren, oso gutxi. Berez Itziarrek ez zuen gogoan hura, eta kontatu nionean harrituta gelditu zen.
Nolakoa da emanaldi honen ikusleen profila?
Zabala da. Umeentzako ez da, argi dago. Baina umeak kenduta, beste profil guztiek ondo pasako dute obra ikusten. Agian gehiago identifikatuko dira guraso diren eta guraso izatekotan daudenak, baina bai gazte eta bai helduek, denek pasako dute ondo antzerki hau ikusten.
Emanaldi honetaz gain, baduzu momentu honetan beste proiekturik?
Bueno, zerbait bai, baina itxi gabe. Egia esan, ez zait gustatzen itxi gabeko proiektuez hitz egitea itxi arte, inoiz ez dakizulako zer gertatuko den azkenean.
Pandemiaren egoerak nola eragin dizue? Entseguak, emanaldiak lekualdatu, ezeztatu…
Ia urtebetez geldialdi totala izan denez gauza gutxi egiteko aukera izan da. Telebistarako gauzatxo batzuk egin ditut, eta orain pixkana martxa handiagoa hartzen ari da, baina hala ere kostatuko zaigu lehengo erritmora itzultzea. Antzerkia egitea ez da erraza; %35eko edukiera dela eta, antzerkietako jabe eta programatzaileei kosta egiten zaie programatzea, etekinak eta errentagarritasuna direla eta. Beraz, nahiko egoera zaila bizitzen ari gara.
Zenbat urte daramatzazu interpretazioaren mundu honetan?
Berandu xamar hasi nintzen egia esan, hogeita zenbait urterekin. Ordura arte, kuadrillako barre eragilea nintzen, eta gustatzen zitzaidan umorearen kontua, baina ez nuen pausoa ematen. Hogeita zenbait urterekin kurtso batzuk egiten hasi nintzen, eta beste lan guztiak uztearen erabakia antzerkia edo telebista munduan hasteko 2004. urtean hartu nuen. Ordura arte beste lan batzuk egiten nituen eta noizbehinka deitzen zidaten handik edo hemendik gauzaren bat egiteko. Baina esan dudan moduan, profesionalki 2004. urtean hasi nintzen.
Gogoan duzu zein izan zen lehen papera?
Lehen papera Hasi Berriak telesailean izan zen. Gainera, ez zen umoretsua. Trafikante gaizto baten papera zen, baina oso ondo pasatu nuen. Azken batean, bizitzak buelta asko ematen ditu, eta telesail hartako zuzendaria ondoren Vaya Semanita-ko zuzendari bera izan zen. Lehen paper horri esker ezagutu ninduen, eta hortik Vaya Semanita egitera bideratu ninduen.
Esan daiteke ‘Vaya Semanita’-rekin ezagutu zizula gehien jendeak, ezta?
Bai. Hori baino lehen jendeak ezagutzen ninduen iragarki batzuengatik, EITB-rako eta Keler garagardorako egin nituen iragarki batzuk, baina Vaya Semanita-k eman zidan bizitza osorako ospe hori. Nire izena ez dakienak beti esango du ‘Vaya Semanita-ko hori’.
Beti egin izan duzu umorea?
Ez, Hasi Berriak telesailean egin nuen papera ez zen umoretsua izan, baina egia da orain arte egin ditudan ia gehienak umoretsuak izan direla. Hala ere, beti nago irekita beste zerbait egitera. Jendeak umoreagatik ezagutzen nau, eta batez ere horretan nabil, baina ez nire lehentasuna delako, baizik eta hori eskatzen didatelako.
Baduzu egin ez duzun eta egitea gustatuko litzaizukeen estilorik?
Drama esango nizuke. Nik uste dut aktoreek beti izaten dugula gutxi egiten dugun estilo bat egiteko nahia. Drama egitea eta pertsonai maltzur bat egitea gustatuko litzaidake.
Nola ikusten duzu etorkizuna? Egoera hobetuko da?
Ez dakit. Normalean baikorra izaten saiatzen naiz, edo behintzat ezkortasuna alde batera uzten. Baina badirudi egoera hau ez dela inoiz bukatuko. Ikus-entzunezkoen munduan batez ere, pandemia aurretik jada asko aldatzen hasia zen egoera, eta aldaketa horretan harrapatu gaitu eta ez dakit nora eramango gaituen. Nik pentsatzen dut gauza berriak sortuko direla eta gauza berriekin aukera berriak, eta aurrera aterako garela. Aktore asko daude telebista edo zinera heldu nahi dutenak eta ezinean dabiltzanak, eta antzerkiaz bizi behar dutenak. Ondorioz, egoera honekin oso larri dabiltza, oso zaila da egoera. Nik dudan zortearekin kostata bizirauten dut, beraz pentsa horrelako zorterik ez dutenak.
Zer esango zenioke jendeari ikustera etortzeko?
Ordu eta laurden irauten duen komedia entretenigarri bat dela, aukera bat dela arazoez ihes egiteko, eta aukera polita dela etxetik atera eta kultura seguruaz gozatzeko, kultura segurua baita, ez da inongo beldurrik izateko motiborik. Beraz, ordubete inguruz arazoez ihes egiteko edo arazoak umorez hartzeko aukera ezin hobea eta gauza eder batean parte hartzeko aukera dela: kultura bizirik mantentzeko.
