Hainbat euskal eragilek Traineru kluben Elkartearen jarrera salatu dute, jokalari bat gazteleraz hitz egitera behartzeagatik
Uztailaren 25ean Lekeition jokatu ziren estropadak. Bukatu zenean, ohikoa den bezala, hainbat jokalarik zenbait hitz esan zituzten. Donostiarra Arraun Elkarteko kide bat euskaraz mintzatzen hasi zenean, ordea, Traineru Kluben Elkartearen (TKE) ikus-entzunezko plataformak (ACT TV) jokalari hori gaztelaniaz hitz egitera derrigortu nahi izan zuen.
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteak eta beste zenbait euskal eragilek egoera salatu dute aho batez: Axola euskara elkartea (Abanto), Bagera euskaltzaleen elkartea (Donostia), Blagan euskara elkartea (Hondarribia), Karkara Taldea kultur elkartea (Orio) eta Zuhatza euskara elkartea (Deba) izan dira.
Gertatutakoa ikusi ondoren, hainbat eskubide aldarrikatzen dituzte euskal eragileek: elkartasuna adierazi arraunlariari eta euskaraz soilik hitz egin nahi duenak eskubidea izan dezala soilik euskaraz egitera; Eusko Label liga antolatzen duen TKE elkarteak komunikazio-politika alda dezala euskaraz hitz egin nahi duten arraunlariak ez daitezen presionatuta sentitu; eta Eusko Label ligan parte hartzen duten arraunlari guztiak animatu ACT TV-k eta beste hedabideek egiten dizkieten elkarrizketetan euskaraz egitera.