Indarrean dauden neurriei eutsiko die Labik
Labiren Batzorde zientifiko-teknikoa hilaren 5ean bildu zen azkenekoz, eta orduan berretsitako neurriei eusteko erabakia hartu du gaur egin duen bileran. Hau da, uztailaren 22tik indarrean dauden neurriek hala jarraituko dute momentuz, inolako aldaketarik gabe.
Labik azaldu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) intzidentzia metatua azken asteotan apaldu bada ere, egoera epidemiologikoa ez da aski hobetu: azken hamalau egunetako intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 682 kasukoa zen uztailaren 22an, eta 603koa da orain. Hala ere, ospitaletako eta ZIU-etako oheen okupazioa handia da oraindik: 48 lagun ziren ZIU-etan uztailaren 22an, eta 64 dira orain.
Era berean, Labik ohartarazi du hainbat udalerritan “interakzio sozial arriskutsuak” egongo direla datozen asteetan, nahiz eta ez den jairik ospatuko. “Interakzio sozial arriskutsu” horiek koronabirusaren agerraldiak sortu ditzaketela dio Labik, eta hori “kezkatzekoa” dela. Horregatik, Labiren batzorde teknikoak erakundeetako ordezkariei eskatu diete herritarrak abuztuan zehar “kontuz ibiltzera” deitzeko: “Tentsioa, konpromisoa eta erantzukizuna mantendu behar dira, batez ere maskararen erabileran, segurtasuneko distantziari eustean eta edozein motatako jende pilaketak saihestuz, barrualdean zein kanpoaldean”, adierazi dute. Horrez gain, batzordeak azpimarratu du garrantzitsua dela jendea txertatzen jarraitzea, aztarnarien lanarekin kolaboratzea eta berrogeialdiak ondo betetzea.