Kevin Rodrigues Rayo Vallecanora doan bigarren jokalari txuri-urdina izango da
Mundo Deportivo hedabideak jakinarazi duenez, Realak akordu bat adostu du Rayo Vallecanorekin Kevin Rodrigues utzita eramateko, nahiz eta hau ez zen Imanol eta Olaberen planetan sartzen. Kevinen irteera ‘in pectore’ askatasun gutun bat da, jokalariak orain datorren denboraldian bukatzen baitu kontratua.
2019. urtean Leganesera eta 2020. urtean Eibarrera utzita bidalitakoen ostean, Kevinen txanda da orain lehen mailara igo berri den Rayo Vallecanon jokatzeko. Realetik talde honetara joandako bigarren jokalaria da jada, Merquelanz ere astearte honetan joan baita. Aldaketa honek zalantzan uzten badu ere Rodriguesen jarraipena talde txuri-urdinean, Rayorekin egindako akorduan ez da erosketa aukera ematen.