Nely Carla Alberto jokalari donostiarrak eskubaloia utzi du, baina Bera Beran lanean arituko da
Nely Carla Alberto eskubaloi jokalari donostiarrak eskubaloia utziko duela iragarri zuen atzo, hilaren 11n, bere sare sozialetan. Bera Bera talde donostiarrean egin zuen debuta duela 22 urte, eta ibilbide luze zein arrakastatsua izan du. Bere azken partida maiatzaren 27an jokatu zuen. Hala ere, ez da asko aldenduko eskubaloiaren mundutik, Bera Berak gaur aurkeztu baitu klubeko langile gisa. Hain zuzen, harrobiarekin lan egiten hasiko da, eta nabarmendu dute lehenengo taldetik gertu egongo dela baita ere.
Bera Beran debuta egin ostean, Lizarrako Itxakora joan zen Alberto, eta han iritsi ziren bere ibilbideko lehenengo garaipen esanguratsuak: Liga, Kopa eta Superkopa irabazi zituen, besteak beste. Ondoren, Frantziako Ligara joan zen, eta han jokatu du orain arte. Hain zuzen, Le Havren, Mios Biganos-Beglesen eta Plan-de-Cuquesen aritu da. Klubetan izandako arrakastaz gain, donostiarrak lorpen esanguratsuak eskuratu ditu Espainiako selekzioarekin ere. Hain justu, brontzezko domina irabazi zuen 2011ko Brasilgo Munduko Txapelketan, 2012ko Londresko Joko Olinpikoetan ere brontzezko dominarekin itzuli zen, eta diploma olinpikoa eskuratu zuen 2016ko Rioko Joko Olinpikoetan.