Realeko bazkide gehienek Europa Ligako partidak eta Sanserenak ikusteko aukera izan nahi dute
Pasa den denboraldi osoan, zalerik gabe jokatu ziren Anoetako partida guztiak, eta, horregatik, kobratutako 2021eko lehenengo erdiaren abonamenduaren prezioa konpentsatzeko hainbat aukera eskaini dizkie berriki Realak bazkideei. Hiru aukera eskaini zituen klubak: ordaindutakoa bere horretan uztea, Europa Ligako partidetara eta Sanserenetara gehigarririk ordaindu gabe joan ahal izatearen truk; Europa Ligako neurketetara edo Sanserenetara doan joateko aukerarik ez izatea eta ordaindutakoaren %25a itzultzea; eta ordaindutakoaren %50a itzultzea, Europa Ligako eta Sanseren partidetara doan joateko aukera galduta.
Horrela, Realak argitaratu dituen datuen arabera, bazkideen %72,1ak lehenengo aukera hautatu du. Horrekin pozik agertu da klub txuri-urdina, eta nabarmendu du bazkideen “fideltasunaren” erakusgarri dela: “Gaur egun 35.342 bazkide gara, eta inoiz baino harroago gaude familia txuri-urdinaz”. Bestalde, bazkideen %4,8ak 2022ko kuotaren bi bonuak (Europa eta Sanse) deskontatzeko eskatu dute, %19,7ak Sanseren bonua deskontatzeko eta %0,3ak Europako bonua deskontatzeko. Era berean, %3,1ak bi kontzeptuetako baten zenbatekoa itzultzeko eskatu du.