3.065 bazkide izango dira Anoetan Sanseren estreinaldian
Pixkanaka ari dira itzultzen futbol zelaietara ikusleak, hainbeste denboraren ostean. Larunbat honetan, ofizialki jendea Anoetara itzuli ahal izango da. Izan ere, pasa den denboraldian zalerik gabe jokatu ziren Anoetako partidak, eta horregatik Realak hainbat aukera eskaini dizkie bazkideei prezioa konpentsatzeko. Horrela, bazkideen %72,1ak Europa Ligako partidetara era Sanserenetara joatea aukeratu du.
Probako hiru lagunartekoen ondoren, larunbateko 17:00etan jokatuko da Sanse eta CD Leganesen arteko lagunartekoa, eta guztira 3.065 bazkidek eman dute izena. Bazkide hauek mezu elektroniko bat jasoko dute arratsaldean zehar, sarrera lortzeko informazioarekin, eta eserlekuak lortzeko jarraibideak www.realsociedad.eus webgunean daude ikusgai. Momentu honetan edukiera %20koa den arren, irailetik aurrera edukiera handitzea espero da.
Bestalde, Bultzada Txuri-urdinak twitterren adierazi duenez, ez dira Anoetara bueltatuko Aitor Zabaleta harmailara itzuli ahal izan arte, eta justuena denak joan ahal izatea edo bestela inor ez joatea dela adierazi dute ‘gaur egungo futbolari ez, denok ala inor ez!’ esaldiaren bitartez.