Arraun Lagunak historia egitera joango da Zarautzera
Ligako azken estropada jokatuko dute Zarautzen, eta txapelketa irabazteko aukera bikaina du talde donostiarrak. Bestalde, Realeko lehenengo eta bigarren taldeek asteburuan hasiko dituzte euren ligak.
Asteburu hau historikoa izan daiteke Arraun Lagunak talde donostiarrarentzat, lehenengo aldiz liga irabazteko aukera ezin hobea baitute. Sailkapeneko lehenengoak dira, eta bi jardunaldiko estropada jokatuko dute larunbatean (17:40ean) eta igandean (11:30ean) Zarautzen. Horrela, emaitza ona lortuz gero, garaipen garrantzitsu batekin itzuliko dira Donostiara. Donostiarra ere arituko da Zarautzeko Ikurriñean, eta emaitza ona eskuratzen saiatuko da; hirugarren sailkatua da gaur egun.
Bestalde, mutilak ere Zarautzen lehiatuko dira larunbatean (18:13ean) eta igandean (12:13ean), eta sailkapenean gora egiten saiatuko da Donostiarra. Laugarren sailkatua da gaur egun, eta Zierbenarekin, hirugarren sailkatuarekin, berdinduta dago, 105 punturekin.
Futbolean, asteburu honetan hasiko dute liga Realeko lehenengo taldeak eta bigarrenak. Imanol Alguacilen mutilek Bartzelonaren aurka jokatuko dute Camp Noun igandean, 20:00etan. Xabi Alonsoren mutilek, aldiz, Anoetan jokatuko dute Leganesen aurka, larunbatean, 17:00etan. Urte eta erdiren ondoren, zaleak Anoetako harmailetara itzuliko dira bihar, eta 3.000 realzaletik gora egongo dira zelaian. Biek ala biek, denboraldia garaipen batekin hastea bilatuko dute.
Eskubaloian ere izango da partidarik Donostiako taldeentzat, Bera Berak Euskal Kopako finala jokatuko baitu Zuazoren aurka Orion, 12:00etan. Bi taldeek astebetean elkar ikusiko duten bigarren aldia izango da, joan den asteburuan lagunarteko neurketa bat jokatu baitzuten, eta donostiarrek irabazi zuten.