Ba al dakizu nola eraldatu diren bainujantziak Donostian?
Euskal Itsas Museoak 1830etik 1980eko hamarkadara arte bainujantziak izandako bilakaera aztertu nahi izan du.
1830an turismoa Europa osora zabaldu zen. Mende erdian hondartzak bainulariak arropaz aldatzeko etxolez bete ziren, emakumeak eta gizonak banaturik. Emakumeek bi motako trajeak zituzten; bat luzea mahukekin eta bestea estuagoa eta motzagoa gerriko batekin. Gizonek tela kantitate gutxiago erabiltzen zuten, eta noizean behin haurrak eta gazteak biluzik ere bainatzen ziren, baina beranduago debekatu egin zuten hori.
XX. mende hasieran Donostia hiria eraldatzen hasten da: trenbidea, aisia, kirola… eta Espainiako puntu turistikoena bilakatzen da. Maria Cristina erreginaren bisitek maila altuko jendea etorraraztea eragin zuten. Turismoa areagotzen joan zen, erdi mailako familiak ere etortzen zirelarik. Emakumeek oraindik arropa ugariz osatutako bainujantziak zeramatzaten.
1923ko Primo de Riveraren diktadurak emakumearen emantzipazioaren hastapenekin talka egin zuen. Emakumeak lanean hasiak zeuden jada, eta kortse bezalako arropak baztertu eta erosotasuna bilatzen zuten. Horrela, Biarritzen ‘maillot’ bainujantzia hasi zen erabiltzen, pieza bakarreko bainujantzia. Estatuan, ordea, kontrola handiagoa zen, eta Donostian maillot horren erabilera debekatu egin zuten.
Bigarren errepublikarekin, turismoaren demokratizazioa etorri zen, eta diru gutxiago zuten turistak ere etortzen hasi ziren. ‘Eguzki bainua’ jarri zen modan, eta azal zuriak garrantzia eta dotoretasuna galdu zuen.
Frankoren diktadura garaian, ordura arteko askatasuna guztiz moztu zen. ‘Moral vestimentaria’ izenekoa inposatu zuen, eta hondartzetan bainatzea debekatu zuen ‘bainujantziak bistan uzten zuen alderdiren bat iraingarria baldin bazen’.
60eko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartean, ordea, askatasuna berriz nagusitzen hasi zen. Europatik zetozen turistek beste era bateko bainujantziak ekarri zituzten, bikiniaren aurrekariak izango zirenak. Urteak aurrera joan ahala, bikinia ausartagoa bilakatzen hasi zen, eta ‘topless’ delakoa ere modan jarri zen; iparraldean lehen bizi, beranduago Donostian.