Hamalau urteren ondoren, berriz ireki dute Aiete taberna
Betidanik Aieten bizi izan direnek, auzoa baserriz josita zegoen garaitik ezagutzen dute Aiete taberna, eta ziur trago bat baino gehiago hartu dutela han, 1967an ireki baitzuten, auzoan soilik hiru taberna zeudenean. Azken hamalau urteotan, ordea, taberna itxita egon da, baina establezimenduaren arduradunek osorik berritu dute, eta berriz ireki dituzte Aiete taberna historikoko ateak.
Egunotan lagunekin eta senideekin batera egingo dute inaugurazioa, eta Mikel Laboaren omenezko kontzertu txiki bat ere eskainiko dute asteburuan. Izan ere, arduradunek azaldu dutenez, Donostiako musikari ezaguna asko joaten zen Aiete tabernara. Astelehenetik aurrera, herritar guztiek izango dute Aiete taberna berrituaz gozatzeko aukera.