Kale garbiketako langile bat hil da Donostian
ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez, Donostiako kale garbiketako langile bat hil egin zen atzo, hilaren 12an, lanean ari zela. FCC eta Serbitzu enpresek osatzen duten UTE Donostiako Garbiketa enpresa elkarteko langilea zen, eta ELAren arabera, ondoezik sentitu zen, eta handik gutxira zendu zen.
ELAren arabera, 39 dira dagoeneko 2021ean Hego Euskal Herrian lanean ari ziren bitartean hildako langileak. “Istripu ez traumatikoak ere lan istripuak dira. Ez dira laneko orduetan kasualitatez gertatzen, ezta ausaz edo zorte txarragatik ere, patronalak dioen bezala”.
Bi sindikatuek eta UTE Donostiako Garbiketako langile batzordeak, langilea gogoratzeko, deialdia egin du elkarretaratzea egiteko enpresaren instalazioen aurrean datorren asteartean, abuztuaren 17an, 13:00etan. 27 industrialdeko Ubarburu ibilbideko 10. zenbakian dago enpresaren egoitza.