Onkologikoa "berregituratzen" ari direla salatu du zentroko enpresa batzordeak
Donostiako Onkologikoko enpresa batzordeak salatu du Osakidetzak bularreko minbiziaren unitate bat sortu nahi duela, Donostia Unibertsitate Ospitalean, zentro horretako langileekin. Horrela, batzordearen arabera, “gaixorik ez egoteagatik, Donostiako onkologikotik kanpo geratuko dira profesionalak“.
Hain zuzen, batzordeak instrukzio bat egin du Gipuzkoako eskualdeko ospitaleetara, eta azaldu dutenez, horren arabera, “hemendik aurrera, bular-patologia susmagarria duten eta minbizia izan dezaketen pazienteak zuzenean Unibertsitate Ospitalera bideratu beharko lirateke, Onkologikorako sarbidea murriztuta”. Horregatik, Onkologikoaren etorkizuna ezbaian dagoela salatu dute: “Pazienterik gabeko ospitale batek ez du etorkizunik”.
Bestalde, Onkologikoko langileak protestak egiten ari dira azken asteotan, salatu baitute Eusko Jaurlaritza ez dela betetzen ari Onkologikoa Osakidetzan integratzeari buruzko hitzarmena, eta horren ordez, “desegiten, berregituratzen eta ospitaleari pazienteak kentzen ari da”. Hain justu, joan den asteko ostegunean elkarretaratzea egin zuten zentroaren aurrean, eta atzo, hilaren 12an, gauza bera egin zuten.