Uliako Lore-Baratzak taldekoek laguntza behar dute New European Bauhaus sarirako bideo bat egiteko
Uliako Lore-Baratzak taldearen Ulia Garden egitasmoa New European Bauhaus sarien finalean da, eta minutu bateko bideo bat aurkeztu behar dute deialdian parte hartu ahal izateko. Horretarako, ordea, laguntza behar dute; bai bideoa bera grabatzeko, bai editatzeko, baita gidoia garatzeko ere.
Horregatik, sare sozialetan deialdia zabaldu dute, eta eskatu dute laguntzeko prest dauden herritarrek sare sozialetatik idazteko edo uliakolorebaratzak@gmail.com helbide elektronikora idazteko. Bideoa hilaren 25ean bidali behar dute, eta grabazioa hilaren 17an egiteko asmoa dute.
2.000 proiektu baino gehiago aurkeztu ziren aipatu sarira, eta horietatik 60 hautatu dituzte finalerako hamar kategoriatan banatuta. Uliako Lore-Baratzak boluntario taldeak aurkezturiko egitasmoa zazpigarren kategorian (Reinvented places to meet and share) sailkatu dute, eta beste bi proiekturekin lehiatuko da saria eskuratzeko.