"Zaindu dezagun osasun mentala, horrek mantentzen baikaitu zutik"
Aitziber Garmendia (Zaldibia, 1982) aktore eta umoregilea da. Ibilbide luzea darama mundu honetan, eta ‘Erlauntza’ filmeko aktore nagusia da. ‘Abuztua Donostian’ egitarauaren barruan proiektatuko dute filma Trinitate plazan gaur, 22:00etan.
Antzerkia eta gero filma. Zergatik?
Hasiera batean pelikula egiteko asmorik ez zegoen. Testu honekin Kepa Errastik autoreak irabazi zuen antzerkigintza berrien lehiaketa bat, eta sarietako bat emanaldi hori muntatzea zen. Niri deitu zidaten Kepa Errastiren testu bat zela esateko eta Mireia Gabilondok zuzenduko zuena, eta sei aktore emakume izango ginela esanez. Baietza eman nuen zalantzarik gabe. Gaiak asko erakartzen ninduen, eta Kepak idatzitakoa izanda eta Mireiak zuzendutakoa, orduan eta gehiago. Antzerkia egin genuen, eta biran hasi ginen, bi urte generamatzala jendeak esaten zigun honen pelikula egin behar duzue, eta pelikula egitea erabaki genuen.
Harrera ona izan zuen antzerkiak, ezta?
Oso ona, ez genuen espero hainbeste. Antzoki guztiak betetzen ziren, jendea kanpoan gelditzen zen… COVID-19 aurreko garaiak ziren. Oso garai politean harrapatu gintuen. Jarraitzen dugu biran antzerkiarekin oraindik.
Nolakoa da? Nola deskribatuko zenuke filma?
Umorea da nagusi, baina oso benetakoa da. Jende askok esan dit identifikatuta sentitu direla pertsonai batekin ez bada, beste batekin. 30-40 urte bitartean dauden emakume talde bat da, Euskal Herrian kuadrilla izaerak badu pisu propioa, asko nabarmentzen da euskal izaera. Gai askotaz hitz egiten da: maitasunaz, laguntasunaz, adarrez, leialtasunaz, amatasunaz… Umorea da nagusi, baina momentu askotan kritika gordina egiten zaio gizarte honek eskatzen digunari.
Beraz, gizarteko gai garrantzitsuak umorearen ikuspegitik. ‘Barre Librea’-n ere hori egin duzue, ezta?
Bai. Umorea beti izan da niretzat tresna garrantzitsu bat. Umorearen bidez gauza asko esan daitezke, ez dagoelako beti errietan aritu beharrik gauzak aldarrikatzeko, umoretik ere gauza asko esan daitezke. Gainera, umoreak eskatzen du ikuslearekiko inteligentzia maila bat, eta niri hori asko gustatzen zait. Barre Librea-n ikusi dut hori, eta sekulako poza eman dit zer ikuslego izan dugun jakiteak eta Euskal Herrian zer kontsumitzen den ikusteak.
‘Barre Librea’ saioak harrera ona izan du?
Bai, oso ona izan du, eta ez genuen espero. Konfinamendu garaian eskatu ziguten gauza bat izan zen. Oraindik denok gure etxeetan konfinatuta geunden, iritsi zitzaigun eskaera bat Jon Plazaolari eta niri monologoen programa bat behar zela esanez. Bideodei bidez elkartu ginen, eta erabaki genuen monologoak eta esketxak bateratzen zituen zerbait sortzea. Garbi geneukan Kepa Errasti eta Getari Etxegarairekin egin nahi genuela, orduan lauok bildu ginen eta hortik hasi zen sortzen. Ez genuen erantzun hori espero, gainera oso umore transgresorea zen, orain arte EITBn ikusi gabeko umorea. Ez genekien nola hartuko zuen publikoak, eta ondo hartu zuen.
Gainera, ‘Barre Librea’-ko esketxak denetarikoak dira, ezta? La Jaio eta El Zigor, adibidez.
Bai. Hor ikusten da euskaldun denok ez garela berdinak. Denok ez gara sagardotegian sartuta egoten. La Jaio, adibidez, nire ahizpa bezalakoa da. Beti esan izan dut, oso euskalduna da eta choni-a da. Hori ere bada euskalduna izatea. Euskal Herriak, herri gisa, klase guztietako jendea dauka. Hori ere azaldu nahi genuen.
EITB-n ez da inoiz horrelako umorerik jorratu?
Monologo programa bat aspaldi egin zen Patxo Telleria eta Mikel Martinezek gidatuta, eta nik 17 urte nituenean parte hartu nuen, monologo batekin. Baina ordutik ez da horrelakorik egin euskal telebistan. Nik uste dut ideia polita izan zutela euskal telebistakoek monologo programa bat egiteko. Hala ere, egia da ez dela telebistarako formaturik egokiena, bakarrizketak beti izan ohi direlako antzokietan, edo tabernetan… baina publikorik gabe zaila zen. Baina apustua egin genuen horren alde eta funtzionatu zuen.
Jarraituko du ‘Barre Librea’-k?
Ez, bukatu da. Urtebete inguru egin dugu, maiatzetik ekainera. Aurreneko emisioa 2020ko maiatzean izan zen. Gure erabakia izan da, oso gustura genbiltzan baina egia da iraungitze epe bat duen formatu bat dela. Hala ere, argi daukagu umorea egiten jarraitu nahi dugula euskal telebistan, eta argi daukat talde horrekin jarraitu nahi dudala. Baina uste genuen bazela arnas pixka bat hartzen uzteko garaia. Pena handia eman izan dit beti publikoa nekatzeak, hori ondo neurtu behar da. Beldurra ematen du ezetz esateak lan bati eta gaur egun gainera artistak ekonomikoki gauden egoera ikusita, baina oso garrantzitsua da erabaki horiek momentu egokian hartzeko aukera izatea.
Umorea egin izan duzu beti?
Ia beti. Natural ateratzen zaidana umorea da. Egia da gero hori ere eskatzen didatela, azken batean hor ezagutu nautelako. Erregistro dramatikoak ere landu izan ditut, eta asko disfrutatzen dut baita ere. Baina bai, naturalki ateratzen zaidana umorea da.
Baduzu egiteke duzun eta gustatuko litzaizukeen estilorik?
Gauza pilo bat ditut egiteke, eta aurten estreinatuko dudan antzezlan bat horietako bat da. Gogoa nuen aspalditik Telmo Iruretarekin lan egiteko, berak bazuelako nolabaiteko gogoa ezintasun fisikoa duten pertsonek sexua nola bizitzen duten kontatzeko, eta iruditu zitzaidan oso proiektu ausarta zela. Antzerkian murgiltzeko gogoa nuen aurten, horretan soilik aritzeko eta burua ere deskantsatzeko. Abenduan estreinatuko dugu, Erlauntza zuzendu duen Mireia Gabilondok zuzenduko du, eta horrek esan nahi du berme guztiak ditugula esku onetan gaudelako. Telmo Irureta eta biok egongo gara oholtza gainean umorea nagusi dela, sexuaz eta ezintasun fisikoez hitz egiten.
Oso gaztetatik zabiltza mundu honetan, ezta?
Umetatik gustatu izan zait. Eskolan antzerki tailerrak genituen, eta hor deskubritu nuen. Gogoratzen dut lehen antzerki lana egin nuena nire lagun minarekin izan zen. Mari Puri eta Euxebio ginen, eta guk idatzitako testua zen, aitona-amona batzuen papera egiten. Jende pilo batek eskolan egin zuen barre, eta ezin hobeto gogoratzen dut zer sentitu nuen momentu horretan: ‘Nik bizitza osoan hau egin nahi dut’ pentsatu nuen berehala. 10-11 urte nituen, eta momentu hartako argazki bat dut, estreinaldi guztietara eramaten dudana. Nire amuletoa da. Berez nik zuzenbidea ikasi nuen, lizentziatu nintzen, eta arte eszenikoak ikasi nituen aldi berean. Baina 18 urterekin lanean nenbilen jada, eta uztartu nituen nire lana aktore moduan eta zuzenbideko ikasketak, lizentziatu nintzen baina ez naiz sekula abokatu lanetan aritu; beti aktore lanetan aritu izan naiz.
Nola daramazu pandemiaren egoera? Nola eragin dizu?
Niri ez hainbeste, emanaldi guztiak mantendu ahal izan ditudalako. Baina jende askori badakit bertan behera gelditu zaizkiola. Horrek pena handia ematen du, zeren kultura beti da hortxe larri-larri dagoen zerbait. Berez segurua da; arrisku gehiago dago supermerkatu batean, adibidez. Kultura beti izan da dianaren erdi-erdian egon dena, eta azken finean hori nabaritu da. Nik uste dut, hala ere, orain berriz indarra hartzen ari dela eta konfinamendu ostean jendeak oraindik indar eta gogo gehiagorekin hartu duela kultura kontsumitzea, asko nabaritzen dut hori publikoarengan. Momentu honetan %50eko edukiera dugu antzokietan lege berrien arabera, baina badirudi bertan eserita daudenak ondokoaren hutsunea ere betetzen dutela. Sekulako gozamena da hori sentitzea publikoarekiko.
Momentu hartako ezjakintasunak eta ziurgabetasunak nola eragin zizun?
Ni beldurtzen ninduena ez zen bi hilabete etxean egotea, beldurtzen ninduen gero zer etorriko zen ez jakiteak. Agian urte osoan edo bi urtetan lanik egon gabe egongo nintzela pentsatzeak beldurtzen ninduen. Hori osasuna alde batera utzita, lehen kezka osasuna baitzen: gurasoak, amona… denak ondo egotea. Hori albora utzita, antsietate puntu bat bai ematen zuen zer gertatuko zen ez jakiteak. Hala ere, nik uste baino hobeto atera da, baina momentuko beldurra nik uste denok pasa genuen zerbait izan zela.
Nola ikusten duzu etorkizuna? Egoera hobetuko dela uste duzu?
Nik uste dut baietz. Egia da beti oso baikorra naizela, eta hor mantendu nahi dut. Hasi da indartzen eta gauza asko ari dira mugitzen, geroz eta jende gehiago ikusten dut kultura kontsumitzeko gogoarekin eta beharrarekin, ze garbi dago laguntzen duela eta burua beste historia batzuetara ihes egiteak laguntzen duela gaur egungo egoera kezkagarri honetan momentu oro ez pentsatzen. Orduan nik uste dut jendeak behar duela kontsumo hori.
Zer esango zenieke ikusleei ‘Erlauntza’ ikustera animatzeko?
Esango nieke merezi duen pelikula bat dela. Bakarrik jakiteagatik hamabost egunetan filmatu zen pelikula bat dela, bi hizkuntzatan. Hartualdi bat egiten genuen euskaraz, moztu eta berdina egiten genuen gazteleraz. Aktore gisa oso zorrotza izan da, nik uste orain arte izan dudan lanik zorrotzena izan dela. Esfortzu handia eskatu ditu pertsonalki eta profesionalki, eta hamabost egunetan egitea posible izan da aurretik antzerkia eta pertsonaiak oso barneratuta genituelako, historia ere bai, eta lokalizazioa bakarra zelako. Suposatzen da nekazari etxe baten geundela. 21 pertsona izan ginen ekipo artistikoa eta teknikoa kontatuta, konfinatu ginen hor eta hamabost egunetan pelikula aurrera atera genuen. Orain arte ez da inoiz horrelakorik egin, bakarrik horregatik merezi du ikusteak. Gero aparte gustatuko zaizu edo ez edukia, umorea ere oso pertsonala da, baina orain arte entzun dudan guztia oso ona izan da. Gomendatuko nioke mundu osoari ikustera joateko, eta gainera a zer plan polita aire librean ikustea Trinitate plazan.
Bestalde, orain dela egun batzuk Twitterren txio bat idatzi duzu duela hamalau urte zure bikotekide zenak bere buruaz beste egin zuela azalduz. Gai hauek tabu dira tamalez oraindik gizarte honetan. Pausu ausarta eman duzu.
Osasun mentala oso ezkutuan dagoen zerbait da, baina nik neuk ere egin izan dudan gauza bat da. Hamalau urte pasa dira eta orain arte ez naiz ausartu publikoki horrela esaten. Jakinda pertsonaia publikoa naizela, pentsatzen nuen oihartzun handiagoa izango zuela nik esandako zerbaitek, baina ez nuen espero izan duen oihartzun handirik. Sekulako babesa jaso dut, eta oihartzun handia izan du. Izan dadila benetan zerbait lortzeko, izan dadila tabuak hausten hasteko. Ez da posible lotsa ematea terapiara joaten naiz esateak edo psikologoarengana joaten naiz esateak. Hainbeste zaintzen dugu fisikoa, inori ez dio lotsarik ematen gimnasiora joaten dela esateak, baina bai terapiara joaten dela esateak. Nik uste tabu hauek jada hautsi behar ditugula, osasun mentala oso garrantzitsua da, eta azkenean estigma bezala ikusten baldin badugu ez dugu inoiz aurrera egingo. Gizartea oso zorrotza da, bai nerabeekin: zenbat depresio, zenbat bullying kasu… baita ere emakumeekin: gazteak garenean gazteak garelako, helduagoak garenean zahartzea zigortzen zaigulako, ama izan nahi badugu karga eterno bat gehitzen zaigulako, eta ama izan nahi ez badugu gure eginbeharra betetzen ez dugulako… Gizarteak presio handia ezartzen digu. Nik emakumeez hitz egiten dut emakumea naizelako, baina gizonekin ere berdina gertatuko da, segur aski. Zaindu dezagun osasun mentala, horrek mantentzen baikaitu zutik, eta ez fisikoa zaintzeak soilik.