Bidebietakoek azken bultzada behar dute Zinebide auzoko zinema zikloa antolatzeko
Bidebieta-La Paz bizilagun taldea buru-belarri lanean dabil auzoko lehenengo zinema zikloa antolatzeko: Zinebide. Sare sozialetan azaldu dutenez, egitasmoa gauzatzeko aukera “oso gertu” daukate dagoeneko, auzoko saltokien %95aren laguntza jasotzen ari direlako dagoeneko. Hala ere, azken bultzada behar dutela nabarmendu dute, eta auzoko zein kanpoko edozein enpresaren edo autonomoren laguntza eskatzeko deialdia zabaldu dute.
Bidebieta-La Paz taldeak Auzokide auzo elkartearen, Thamessis konpartsaren eta Eltzegor Euskal Kultur Elkartearen laguntza izango du antolaketan, eta egitasmoak Donostiako Udaleko Auzoetako zinegotzigoaren, SGAE-ren, Filmazipen, Zineuskadiren, Donostia Kulturaren, A Contracorriente Filmsen eta Vertice 360ren babesa du. Antolatzaileek azpimarratu dute egitasmoa laguntzen eta babesten duten enpresek dagokien faktura jasoko dutela, ondoren errenta aitorpenean aurkeztu ahal izan dezaten. Laguntzeko prest daudenak aipatu taldearekin jarri daiteke harremanetan, Facebook sare sozialean duen orrialdearen bidez.