Donostiako etxerik gabeko pertsonen egoera "gordina" ezagutarazi dute
Donostiako hainbat boluntario Kaleko Afari Solidarioak egitasmoan murgilduta daude iazko azarotik, eta egunero afari beroak prestatzen dizkiete hiriko hamarnaka etxegaberi. Hain zuzen, etxerik gabeko pertsonek bizi duten egoera gogorra ezagutzera emateko agerraldia egin zuten igandean, hilaren 15ean, Bulebarrean: “Egoeraren gordintasunak beldurtzen gaitu, eta honenbestez, abuztuaren 15eko mahai informatiboaren bidez, Donostiako hiriko errealitate latz hau ezagutaraztea dugu xede”, adierazi zuten.
Parte Zaharreko Konstituzio plazan hasi ziren afariak banatzen, eta eskaria ikusita, Egian beste talde bat sortu zuten: “Egian, lehenengo afaria 2021eko martxoaren 19an eman genuen, eta gaurdaino ez da etenik izan. Zenbakiak hunkigarriak dira: egunero batez beste 45 erabiltzaile eta 50 euroko kostua estimatuz, egunak 135 izanik, emaitza 6.075 afari eta 6.750 euroko gastua da. Parte Zaharreko datuek 8.000 afari gehitzen dituzte, Konstituzio plazan eskainitakoak. Eta egunetik egunera handitzen doaz”, nabarmendu zuten atzo boluntarioek.
Hedabide honek luze eta zabal jorratu zuen gaia apirilean, Egiako eta Parte Zaharreko boluntarioekin, etxegabe batzuekin eta udalarekin hitz eginda.