Jokin Eizmendik irabazi du Igeldoko Harria
Aurten ez da Aste Nagusia ospatuko. Hala ere, ez dira asteburu honetan falta izan urtero ospatzen diren bi ekitaldi: Igeldoko Harria eta aizkolarien Urrezko Kopa. Abuztua Donostiaren programazioaren barruan ospatu dira, eta urtero legez, Trinitate plazan izan dira biak; Urrezko kopa igandean izan zen 19:00etan, eta Igeldoko Harria larunbatean, 19:00etan ere bai.
Urrezko Koparen garaile Mikel Larrañaga Elgarresta azpeitiarra izendatu zen. Izan ere, 31′ 29” behar izan zituen 14 enborrak mozteko. Bere ondoren, hauek izan ziren lehiakideak eta egin zituzten denborak: Iker Vicente Saralegi. 32′ 13”; Eneko Otaño Aizpurua. 36′ 02”; Aitzol Atutxa Gurtubai. 38′ 21” eta Jon Rekondo Salaberria. 41′ 40″. Gauzak horrela, aizkolariek ez zuten Donato Larretxeak 1995ean jarritako marka (27’17”) gainditu.
Bestalde, Igeldoko Harria Jokin Eizmendi Manterolak irabazi zuen 17 jasoaldirekin. Jokin Goenatxok 2012an ezarri zuen errekorretik bi jasoaldira geratu da Eizmendi, Goenatxok 19 jasoaldi egin baitzituen. Hauek izan ziren Jokinen atzetik geratu zirenak: Mikel Lopetegi Gereka (Urra) 14 jasoaldirekin (bigarren postuan pisu gutxiago duelako); Beñat Telleria Almorza (Telleria IV) 14 jasoaldirekin; Gorka Etxeberria 13 jasoaldirekin; Aimar Galarraga 12 jasoaldirekin; Paulo Azpiazu 10 jasoaldirekin eta Alex Merlo 8 jasoaldirekin. Jasoaldi kopuru berdina egiten dutenean pisu gutxiago duenari ematen zaio lehentasuna.
Gainera, proba hasi aurretik Uliako harria aurkeztu zen. Datorren urtetik aurrera, 70 kiloko harri hau emakumezkoen harri-jasotzaileen modalitateko protagonista izango da.