'Nomadland' filmak Film Onenaren Fipresci saria jasoko du Zinemaldian
Chloé Zhaok zuzendutako 'Nomadland' filmak Fipresci Sari Nagusia jasoko du 69. Donostia Zinemaldiko irekiera ekitaldian.
Fipresci Zinema Kritikaren Nazioarteko Federazioko kideek erabaki dutenez, Chloé Zhao zuzendariaren Nomadland filma 2021eko film onena da. Bozketan, mundu mailako 633 kritikarik hartu dute parte, eta ekoizpen estatubatuarra izan da garaile 2020ko uztailaren 1etik aurrera estreinatutako film guztien artetik. Saria 69. Donostia Zinemaldiko irekiera ekitaldian banatuko da.
Beste lau finalistak hauek izan dira: lehenik, Thomas Vinterbergen Druk | Another Round, sari ugari irabazi dituena, Europako film onenaren saria eta Gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra lau protagonistentzat Donostian, eta Nazioarteko Film Onenaren Oscar saria; bigarrenik, Jasmila Zbanicen Quo Vadis, Aida?, Veneziako zinema-jaialdiaren aurreko edizioan parte hartu eta Oscarrerako izendatu zena; hirugarrenik, Alexandre Koberidzeren Ras vkhedavt rodesac cas vukurebt? | What Do We See When We Look at the Sky?, aurreko Berlinalean lehiatu eta FIPRESCI Saria eskuratu zuena; eta laugarrenik, Radu Juderen Babardeală cu bucluc sau porno balamuc | Bad Luck Banging or Loony Porn, Urrezko Hartza Berlingo 2021eko zinema-jaialdian.
Cloé Zhaoren hirugarrem film luzea da, Songs My Brother Taught Me (2015) eta The Rider (2017) zuzendu baititu aurretik. Azken filmarekin hainbat sari irabazi ditu, esaterako, Venezian 2020an Urrezko Lehoia irabazi zuen. Horrez gain, film dramatiko onenaren, argazki zuzendaritza onenaren eta zuzendari onenaren Golden Globe sariak, film, zuzendari eta emakumezko aktore protagonista onenen BAFTA sariak eta film onenaren, zuzendari onenaren eta emakumezko aktore protagonista onenaren Oscar sariak ere eskuratu ditu.
Fipresci Sari Naguia sortu zenetik (1999an) zinemagile paregabe ugarik eskuratu dute: Pedro Almodóvar, Michael Haneke, Cristian Mungiu, Jean-Luc Godard, Richard Linklater, Roman Polanski, George Miller, Maren Ade, Aki Kaurismäki, Paul Thomas Anderson eta Alfonso Cuarón… 2020an ordea, ez zen Fipresci saririk banatu eta aurten sari banaketa berrartzea erabaki dute.